Arrieta, Erbiti eta Izagirre Mundialetara

Guaixe 2019ko ira. 19a, 16:19
Igor Arrieta, Espainiako Junior Mailako selekzioko taldekideekin.

Igandetik aurrera jokatuko dira Munduko Txirrindularitza Txapelketak Yorkshiren, Ingalaterran. Igor Arrieta junior mailako Espainiako selekzioan ariko da eta Imanol Erbiti eta Gorka Izagirre Espainiako elite mailako selekzioan

Irailaren 22an, igandean hasiko da Munduko Txirrindularitza Txapelketa, Ingalaterrako Yorkshire konterrian, eta irailaren 29an despedituko da. Profesionalak, eliteak, 23 urtez azpikoak eta juniorrak lehiatuko dira bertan. Hiru sakandarrek hartuko dute parte: Igor Arrietak, junior mailako Espainiako selekzioan, eta Imanol Erbiti eta Gorka Izagirre, elite mailako Espainiako selekzioan. Ahalik eta lan onena egitea da helburua, eta iaz Alejandro Valverdek irabazitako Mundiala atzera ere irabaztea. 

Igor Arrietaren aukera
Junior mailako Espainiako selekzioarekin arituko da Mundialetan Igor Arrieta txirrindulari uhartearra. Carlos Rodriguez, Juan Ayuso, Raul Garcia eta Fernando Tercero izango ditu taldekide eta guztiak Francisco Javier Cerezo selekzionatzailearen aginduetara ariko dira. Mundialak prestatzeko afizionatuen mailako Valentziako Vueltan aritu zen junior mailako Espainiako selekzioa irailaren hasieran eta lan bikaina egin zuen. Raul Garciak etapa bat irabazi zuen eta bigarrena izan zen sailkapen orokorrean, Simon Carr (AVC Aix en Provence) liderretik 21 segundora. Igor Arrieta 61.a sailkatu zen, 18:32ra. 

Junior mailako Txirrindularitza Mundialetan, Carlos Rodriguezek eta Fernando Tercerok erlojupekoan hartuko dute parte eta talde osoa, Igor Arrieta barne, lineako lasterketan ariko da. Mundialetan aritzea aukera oso polita izanen da Igor Arrietarendako, esperientzia bikaina. 

Erbiti eta Izagirre, Valverderen aldeko lana egitera
Elite mailako selekzionatzaile Pascual Momparlerrek aste honetan ezagutzera eman du Mundialetara joango den bederatzikotearen behin betiko zerrenda. Bertan izanen dira Hiriberriko Imanol Erbiti (Movistar Team) eta Ziordian bizi den Gorka Izagirre (Astana), euren lider izango den  Alejandro Valverderen alde (Movistar Team) lana egiteko. Iaz Mundiala irabazi zuen Valverdek, eta aurten, 39 urterekin, atzera ere ortzadarra duen maillota jantzi nahi du. Ondoko txirrindulariek osatuko dute taldea: Jose Joaquin Rojas (Movistar), Marc Soler (Movistar), Ion Izagirre (Astana), Luis Leon Sanchez (Astana), Jonathan Castroviejo (Ineos) eta Ivan Garcia Cortina (Bahrain-Merida). Taldea ostiraletik ostegunera bitartean Alacanten kontzentratuta egonen da, orduan Yorkshireko bidea hartu eta hurrengo asteburuan Mundialetan parte hartzeko.