Amaia Gerrikagoitia: “Mank-en helburua herrietako ikastaroen eskaintza osatzea da”

Maider Betelu Ganboa 2019ko ira. 20a, 11:21
Amaia Gerrikagoitia, eskuinean, aurreko urteko Sakanako Bizikleta Eguneko aurkezpenean, Aralar klubeko Erdoziarekin eta Burunda klubeko Begiristainekin.

Ikasturte berriko ikastaro gehienak aurki hasiko dira, urrian. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak ere bere eskaintza du eta ikastaro horietan izena emateko azken egunak dira hauek. Kirol Zerbitzuko teknikari Amaia Gerrikagoitiak argibide guztiak eman dizkigu.

Herrietan makina bat kirol ikastaro edo eskola daude. Sakanako Mankomunitatean herri bakoitzaren egunerokotasunetik kanpo ateratzen direnak antolatzen dituzue?
Bai. Ohikoak ez diren ikastaroak dira gureak, batzuk behar bereziak dituzten pertsonendako, beste batzuk orokorrak direnak, espezifikoak… Udalek euren eskaintza dute eta Mankomunitatearen helburua da eskaintza hori osatzea, Udalek eskaintzen ez duten eta beharrezkoa den kirol hori antolatzea. Egunotan ikastaroen informazioa zabaldu dugu eta lehenbailehen eman behar da izena Sakanako Mankomunitatean. 

Tartean behar bereziak dituzten edo ezgaitasunen bat duten pertsonendako kirol egokitua dago. Ikastaro horietako bat igeriketa eta soinketa egokitua da.
Ezgaitasun mentala duten pertsonei zuzenduta dago, eta asteko egun batean igeriketa egiten dute eta bestean soinketa, Arbizuko kiroldegian. Oinarrizko igeriketa eta soinketa lantzen ditugu. Ariketa fisikoa egitea da helburua, euren artean elkar harremanak sortzea, eurak gustura egoteko eta ongi pasatzeko. 

Askok urtero errepikatuko dute, ezta?
10 pertsona inguruk egin ohi dute, eta gehienek urtetik urtera errepikatzen dute. Tasubinsako langileak taillerreko autobusarekin doaz ikastarora eta ondoren taxiz bueltatzen dira etxera. Tailerrean urtero ikasle berriak dituzte, eta hortik ere ikastarora ikasle berriren bat iristen da beti. Iaz 3 urteko ume bat apuntatu zen, Jokin, eta oso esperientzia polita izan zen: umeak eta helduak elkarrekin… Bi monitore izaten ditugu denen beharrak asetzeko, Maalen Beraza izango da bat eta beste bat behar dugu; hemendik, deia egin nahi diet igeriketa monitore direnei, euren curriculuma gurera bidaltzeko. 

Musikaterapia eta psikomotrizitatea ikastaroa ere desgaitasunen bat duten pertsonendako antolatzen duzue.
Bai, ikastaro hau Altsasuko Gaztegunean egiten da, Milakolore taldearen laguntzarekin. Urtetik urtera partaide gehiago ditugu, lehendik daudenek jarraitzen dute eta berriak datoz. Txikienekin eta beharra dutenekin ordu erdiko bakarkako saioak egiten dira, eta gero talde bat dago, 8-10 pertsona ingurukoa, eta ordu bateko taldeko saioa egiten dute. IÒigo Oloriz da irakaslea, eta ikasleak oso pozik daude. Dantza, abestiak, instrumentuen soinuak... gustura ibiltzen dira, baina bitartean terapia egiten dute. Bakoitzaren garapena ikusteko gurasoekin harremana dago. Oso jarduera garrantzitsua eta beharrezkoa da; 15 partaide inguru dira.

Beste ikastaro bat fibromialgia eta antzeko gaixotasunak dituztenendako da, euren egunerokotasunean dituzten minak arintzen laguntzeko.
Oso ongi esan duzu, ikastaro hauek gaixo horiei mina arintzen dielako. Erlaxazio tekniken bidez eta bakoitzari egokitutako ariketaren bidez – elikadura ere zaintzen dute– min hori arintzen zaie. Bestalde, alde psikologikoa ere lantzen dute. Partaide batekin hitz egin dut gaur eta esan dit oso pozik daudela, giro oso ona dutela klasean eta askoz ere hobeto sentitzen dela ikastaro honetan parte hartzen duenetik. 

Fibromialgia, neke kronikoaren sindromea, Sentiberatasun Kliniko Anizkoitza... ikastaroa gomendagarria da eurendako?
Zalantzarik gabe. Egoera berean dauden pertsonak elkartzea ona da. Psikologo bat ere etortzen da eta banaka lantzen dute arlo hau. Ikastaro osoa da, eta Altsasun, Irurtzunen eta Etxarri Aranatzen eskaintzen da. 

Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskolak 8. denboraldia beteko du aurten. Zein helbururekin sortu zen?
Herritar baten proposamenez antolatu genuen eta hasieratik arrakasta izan zuen. Garapen bat izan du eta bi talde ditugu: hastapena ikastaroa, hasi-berriendako, eta hobekuntza ikastaroa, teknikak hobetzeko. Zegatik sortu zen? Sarritan emakumeek beraiendako espazio bat behar dutelako kirola egiteko. Halaber, Dantzalekuko pista eta bere erabilera bulkatu nahi genuen. Bestalde, inkestetan jaso dugun balorazioa da ikastaroan lagunak egiten dituztela eta gero elkarrekin geratzen direla korrika egiteko. Harreman hori behar dute; lagunartean gusturago ateratzen dira korrika egitera, eta, bide batez, teknika bat ikasita. 

Orain emakume gehiago ikusten dira korrika, baina lehen ez hainbeste. Ikastaroarekin korrika egiten hasteko aukera eman zitzaien emakumeei? 
Askori bai. Urriaren 18an hasiko da ikastaroa, Dantzalekun. Pistaz gain, Dantzalekuko paraje zoragarrietan barna ateratzen dira korrika egitera. 18 urtetik aurrerako emakumeek eman ahal dute izena. Andoni Jaka da monitore berria, orain arte Aitor Mozo izan delako. 

Bestalde, futbol eta saskibaloi monitoreak direnendako edo izan nahi dutenendako formazioa eskaintzen duzue aurten.
Bi urtetik behin saiatzen gara formazio-ikastaro hau antolatzen. Pentsatzen dugu garrantzitsua dela umeekin lanean dauden monitoreek oinarrizko formakuntza bat izatea, horrela, kalitatezko hezkuntza eta kirola eskaini ahal izango delako. Irakasleak Nafarroako Gobernuko mediku Zentroko irakasleak dira, eta monitoreak trebatzeko ikastaro oso ona da. 

Ikastaroa egiten dutenek “Futbolean / saskibaloian hasteko prestatzailea” izeneko titulua jasoko dute.
Gaur egun umeekin aritzeko, legez, derrigorrezkoa da formakuntza bat izatea. Norbaitek ikusten badu bide horretatik jo ahal duela, komenigarria da ikastaro hau egitea. Bi zati ditu, bat amankomuna, eta bestea espezifikoa, futbol atalekoa edo saskibaloi atalekoa. Oso ikastaro osoa da, gai asko eta garrantzitsuak lantzen dira. Titulua jasoko dute ikastaroa egiten dutenek, oinarrizko titulua, baina legezko titulua da eta titulu hau edozein taldetan aurkezteko baliagarria da. 

Sakanako Harrijasotze Eskola eta Aizkora Eskola aurki hasiko dira, ezta?
Sakanako Harrijasotze eskola martxan dago jada, Irurtzunen, Mikel Lasarte monitorea dela, eta Sakanako Aizkora Eskola udaberri aldera hasiko da lanean. Bestalde, ikastetxeetako igeriketa kanpaina martxan dago. Bertan Lehen Hezkuntzako 2. mailakoek hartzen dute parte. Orain Irurtzundik Iturmendira bitarteko ikasleak dabiltza igeriketa ikastaroan, Arbizuko kiroldegian, eta hurrengo urteko ekainean Urdiain, Altsasu, Olazti eta Ziordiko ikasleak Altsasuko Zelandi kiroldegiko ikastaroan hasiko dira. 

Irailaren 29an hitzordu garrantzitsua dugu, Sakanako Bizikleta Eguna, Ziorditik Uharte Arakileraino. Bertan parte hartzeko derrigorrezkoa da izena ematea eta astelehena da azken eguna, ezta?
Bai, ezinbestekoa da aurretik izena ematea, probaren asegurua kontratatzeko eta eguneko autobusak eta bizikletak eramateko kamioiak antolatzeko. Nahiz eta proban sartu-irteera egin, esaterako Arbizun hasi eta Uharte-Arakilen bukatu, izena eman behar da, asegururako. Mankomunitateaz gain, Sakanako ikastetxe guztietan ere eman daiteke izena, bai haurrak eta baita umeek. Astelehena baino lehen eman behar da izena. Sakandarrondako egun berezia da Sakanako Bizikleta Eguna, egutegian markatuta duguna. Jende askok parte hartzen du, 300-500 pertsona, askok errepikatzen dute, jai giroan egiten dugu, lasai-lasai. Aurten Ziordian hasi, Ergoienako hiru herriak pasa eta Uharte Arakilen bukatuko dugu. Lau urtetik behin igotzen gara Ergoienara eta aurten tokatzen da. 


Sakanako Mankomunitatearen ikastaroak
-Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskola
Urriaren 18tik maiatzaren 22ra arte, ostiraletan, Altsasuko Dantzalekuko pistan. 18 urtetik gorakoendako. Hastapen ikastaroa (17:00etatik 18:00etara) eta hobekuntza ikastaroa (18:00etatik 19:15era). Irakaslea: Andoni Jaka. Prezioa: 50 euro. Izena emateko epea: urriak 5. Antolatzailea: Sakanako Mankomunitatea. Laguntzaileak: Nafarroako Gobernua, Altsasuko Udaleko Emakumearen Bilgunea eta Kirol Zerbitzua, Iñigo Aritza ikastola eta Dantzaleku Atletismo Taldea.

-Monitoreendako oinarrizko futbol / saskibaloi ikastaroa
Urrian eta azaroan, Altsasun. 30 ordu. Haurren futbol eta saskibaloi eskoletan dabiltzan edo ibiliko diren 16 urtetik gorakoendako. Bi atal, zati orokorra (18 ordu) eta fuboleko edo saskibaloiko espezifikoa (16 ordu). Prezioa: 50 euro. Izena emateko epea: irailak 27. Lortuko den titulua: “Futbolean / saskibaloian hasteko prestatzailea”. Antolatzailea: Sakanako Mankomunitatea. Laguntzailea: Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua. 

-Fibromialgia, Neke Kronikoaren Sindromea eta Sentiberatasun Kimiko Anizkoitza duten pertsonen osasuna hobetzeko jarduera fisiko espezifikoa
Urriaren 1etik ekainera. Altsasuko Zelandi kiroldegian (asteartetan eta ostegunetan, 16:00etatik 17:30era), Etxarri Aranazko Osasun Etxean (astelehenetan eta asteazkenetan, 16:00etatik 17:30era) eta Irurtzungo Kultur Etxean (asteartetan eta ostegunetan, 10:40tik 12:10era). Izena emateko epea: irailak 27. Prezioa: AFINAko bazkideek hilean 11 euro eta bazkide ez direnek hilean 17 euro. Antolatzailea AFINA (Asociacion Fibromialgia Navarra). Laguntzaileak: Sakanako Mankomunitatea, Altsasu, Etxarri Aranatz eta Irurtzungo Udalak eta Nafarroako Gobernua. 

-Kirol egokitua: igeriketa eta soinketa
Urriaren 2tik maiatzaren 13ra, Arbizuko Kiroldegian, astelehenetan eta asteazkenetan (17:00etatik 18:00etara). Ezgaitasun mentala duten pertsonei zuzendutakoa. Irakaslea: Maalen Beraza. Prezioa: Doan. Izena ematea zabalik. Antolatzailea: Sakanako Mankomunitatea. Laguntzaileak: Nafarroako Gobernua eta Askalats. 

-Musika-terapia eta psikomotrizitatea
Urriaren 5etik ekainaren 20ra arte, Altsasuko Gazte Gunean, larunbatetan, 10:00etatik aurrera. Desgaitasunen bat duten pertsona guztiendako. Prezioa: Milakolore elkartekoek doan eta gainontzekoek 50 euro ikasturte osoa. Izena emateko epea: irailaren 27a. Antolatzailea: Sakanako Mankomunitatea. Laguntzaileak. Nafarroako Gobernua, Milakolore elkartea eta Altsasuko Udala. 

* Ikastaro guztietan izena emateko: Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzua (kirolak@sakana-mank.eus edo 948 464 866).