Beraza eta San Martin Intza-Ttutturreko podiumean

Guaixe 2019ko ira. 19a, 10:28
Sakana Bizirik taldekoek hurrengo egunean Madrilen epaitu zuten Fran Baldari elkartasuna azaldu zioten Intza-Ttutturren.

Aritz Munarriz etxarriarra 6.a sailkatu zen Intza-Ttutturre Km Bertikalean eta Jose Luis Beraza 26.a, bigarren beteranoa. Proba Nafarroako Km Bertikaleko Txapelketa zen, eta txapelketan bigarren beteranoa izan zen Jose Luis Beraza uhartearra eta hirugarren beteranoa Erkuden San Martin etxarriarra

Larunbatean Intza-Ttutturre Kilometro Bertikala jokatu zen Intzan, aldi berean Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Txapelketa eta Nafarroako Km Bertikaleko Txapelketa izan zena. Intzatik aterata (319 m), Ttutturre gainera (1.282 m) igotzea zen helburua, 3,85 km eta 963 metroko desnibela gainditu eta gero, Aralarko Kilometro Bertikala moduan ezaguna den proban. 

Gizonezkoetan Iban Murua eta Iñigo Alzolaren arteko norgehiagoka estua espero zen, baina Alzolak ezin izan zuen bere mailan aritu, eztarrian arazoak izan baititu, eta Iban Murua izan zen Ttutturreko tontorrean lehena (35:45). Proba irabazi zuen baina ez, ordea, Euskal Herriko Txapelketa, federatu gabe dagoelako. Horrela, Ttutturren bigarrena izan zen Iñigo Alzola da Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Txapelduna. Alzola 57 segundora sartu zen helmugara. Helmugan hirugarrena sailkatu zen Mikel Beunza (38:19) izan zen Nafarroako Km Bertikaleko txapelduna. Aritz Munarriz etxarriarra izan zen lehen sakandarra, 6. postuan (40:10). Jose Luis Beraza uhartearra 26.a sailkatu zen, eta probako bigarren beteranoa izan zen, Nafarroako Km Bertikalen Txapelketan bigarren beteranoa eta Euskal Herriko Km Bertikalen Txapelketan ere bigarren beteranoa. 

Emakumezkoetan Maite Etxezarretak, Maite Zabaletak eta Ainhoa Lendinezek lehia oso estua izan zuten eta, azkenean, Maite Etxezarreta iritsi zen lehena Ttutturrera (43:53). Maite Zabaleta bigarrena sartu zen, 31 segundora, eta Ainhoa Lendinez hirugarrena, 39 segundora. Erkuden San Martin etxarriarra 9.a izan zen helmugan, lehen sakandarra (56:23), eta Nafarroako Txapelketako hirugarren emakume onena izan zen etxarriarra eta Euskal Herriko Txapelketako hirugarren emakume beteranoa. Nafarroako taldekako txapelketa A4XK taldeak irabazi zuen. 

Sakandarrak Intza-Ttutturren
Gizonezkoak
1.Iñigo Alzola  37:42
6.Aritz Munarriz 40:10
26.Jose L. Beraza 43:47
45.Alatz Agirre 45:38
74.Arkaitz Munarriz 50:36
86.Garat Flores 52:29
90.Fran Araña  52:59
95.Kepa Gordo 54:32
104.Mikel Iriarte 57:27
119.Amaiur Ginea 1:15:53

Emakumezkoak
1.Maite Etxezarreta 47:53
9.Erkuden San Martin 56:23

*Oharra: Sailkapenean ez zen korrikalarien jaioterrien daturik agertzen eta gerta daiteke sakandarren bat zerrendan ez agertzea.