Mendiko Segurtasunaren 2. Nazio Eguna antolatu dute

Guaixe 2019ko ira. 19a, 13:30
Mendizaleak Aralarrera bidean.

Irailaren 27tik 29ra mendiko segurtasunari lotutako jardunaldi, hitzaldi eta tailer bikainak antolatu dira Altsasun eta Uharte Arakilen. Mendi gidari boluntarioek, monitoreek eta mendizaleek hartu dezakete parte eta Espainiako Mendi Federazioan eman behar da izena

Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak (FEDME) eta Espainiako Mendi Gidarien Elkarteak (AEGM) Mendiko Segurtasunaren Nazio Eguna antotzen dute. Mendi-istripuen kopurua jaisteko bidean Arriskuen Kudeaketa egokia egitea ezinbestekoa dela erakutsi nahi du federazioak, eta horretarako mendi arriskuen kudeaketa egokia mendizaleen artean partekatu nahi da. 

Aurten, Mendiko Segurtasunaren 2. Nazio Eguna izanen da, eta Sakanan antolatu dute, Altsasun eta Uharte Arakilen, irailaren 27an, 28an eta 29an. Espainiako Federazioak eskatuta, jardunaldi bikainak antolatu ditu Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak. Jardunaldi hauetan mendi taldeetako gidari boluntarioek eta naturan lan egiten duten monitoreek eman ahalko dute izena, eta parte hartzeko ezinbestekoa izango da mendian federatua egotea. 

Tailer interesgarriak
Hitzaldi eta beste jarduerez gain, zenbait tailer prestatu dituzte: xendazaletasuna (30 toki. Aralarko Itzulia GR20an, ondoko gaiak jorratuko dituzte: bidezidorrak sortzea, markak, homologazioa, xendazaletasunaren jarduerak prestatzea eta taldeak kudeatzea); arroila-Jaitsiera (12 toki. Artazul, Goñin. Arroilaren egoera egokia ez bada, Lizarrustin egingo dute. Partaideak 2 taldetan bereiziko dituzte, talde batek arroiletan aurreratzea landuko du eta besteak norberaren erreskatea); eskalada (12 toki. Aiztondon, Uharte Arakilen. Talde batek landuko du nola aldatu kirol eskaladatik zenbait luzetako eskalatzera eta besteak norberaren erreskatea); ipar martxa (30 toki. Uharte Arakilen. Ipar eskia mendian nola erabili landuko dute); eta mendi lasterketak (10 toki. Beriainen landuko dute. Lesioak nola saihestu teknika eta jokabideari esker). Halaber, larrialdiak nola kudeatu ikasteko beste tailer bat eskainiko da Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren Erreskate Taldearekin batera, eta kasu errealak aztertuko dituzte. 

Mendiko Segurtasunaren 2. Nazio Egunean parte hartzeko izena ematea zabalik dago Espainiako Mendi Federazioaren web gunean (www.fedme.es). 

Egitaraua
Irailak 27, ostirala
19:00etan Jardunaldien aurkezpena Altsasuko Iortia Kultur Gunean
20:00etan Alberto Urtasun eta Mikel Zabalzaren emanaldia: “De los Centros de Tecnificación a los Equipos de Alpinismo” Iortia Kultur Gunean.

Irailak 28, larunbata
9:00etan Mendi gidari eta partaideen topaketa Uharte Arakilgo Udal Plazan. Partaideen kontrola eta materiala berrikustea eta jarduera edo tailerren hasiera. 
14:00etan Tailerren bukaera.
17:00etan larrialdiak nola kudeatu izeneko tailerra, Altsasun. 112 telefonora deitzetik suhiltzaileak iritsi arte. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren Erreskate Taldeak parte hartuko du. 
19:00etan Añisclo Kasua. Larrialdietan erabakitzea, antolatzea, erreskatea eta erantzunkizuna. FEDMEko Segurtasun Komitea. Altsasuko Iortia Kultur Gunean. 

Irailak 29, igandea
9:00etan Tailerren hasiera. 
14:00etan Tailerren bukaera.
14:00etan Jardunaldien bukaerako bazkaria.