Arabako Itzulia: 3. etapa Etxeberriarendako baina Itzulia Aznarrendako

Guaixe 2019ko ira. 19a, 11:38
Martxel Etxeberriak Arabako Itzuliko bi etapa irabazi ditu, baina Burunda klubeko Hugo Aznarrendako izan da Itzulia.

Igandean Arabako Itzuliko 3. eta azken etapa jokatu zen Dulantzin. Nahiz eta Martzel Etxeberriak etapa irabazi, Itzulia Hugo Aznarrendako izan zen

Igandean kadeteen Arabako Itzuliko 3. eta azken etapa jokatu zen Dulantzin, Dulantziko Udaleko Sari Nagusia, 59 kilometrokoa. Aurreko bi etapetan egindako lana kontuan hartuta –lehen etapako taldekako erlojupekoa Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeak irabazi zuen, Hugo Aznar buru zela, eta bigarren etapa Sakana Group-Aralar taldeko Martzel Etxeberriak irabazi zuen– Hugo Aznar zen liderra, bere taldekide Sergio Lopezen eta Mikel Uncillaren aurretik, eta Martzel Etxeberria 18.a zen. Hortaz, Arabako Itzulia erabakitzeko 3. etapan bi talde sakandarren arteko lehia estua espero zen. 

Lasterketan denetatik izan zen, erasoak barne, eta, azkenean, 9 txirrindulariz osatutako taldea iritsi zen lehena Dulantziko helmugara. Esprintean erabaki zen garailea eta Martzel Etxeberria (Sakana G.) izan zen azkarrena (1:23:00), El Proex taldeko Diego Ruiz de Arkauteren eta Isidoro San Justo taldeko Diego Herranen aurretik. Hugo Aznar laugarrena sartu zen, denbora berean. Hortaz, Hugo Aznarrek sailkapen orokorrari eutsi zion eta Burunda klubeko Kortesko txirrindularia izan zen Arabako Itzuliko txapeldun handia, bere taldekide Mikel Uncillari 4 segundo eta Diego Ruiz de Arkauteri (El Proex) 11 segundo aterata. Martzel Etxeberria 10.a sailkatu zen, 36 segundora. 

Gainontzeko txirrindulariei dagokienez, Jon Erdozia (Sakana G.) 12.a izan zen, Jon Chamorro (Q. Albeniz) 17.a, Sergio Lopez (Q. Albeniz) 34.a, Oihan Etxeberria (Q. Albeniz) 35.a, Alex Lopetegi (Sakana G.) 47.a, Ander Villalobos (Q. Albeniz) 48.a eta Unax Trevejo (Q. Albeniz) 52.a. 
Aipatzekoa da Mikel Uncilla lehen urteko kadeteen sailkapenean lehena izan zela eta taldekako sailkapenean Quesos Albeniz hirugarrena sailkatu zela. 

Arrieta eta Gil Tafallako Top-Tenean
Larunbatean junior mailako eta kadeteen 2. urteko lasterketa jokatu zen Tafallan, XIV. Suministros Urvaca Trofeoa, 72 km-ko proba. Lasterketa oso mugitua izan zen eta bi txirrindulariren artean esprintean erabaki zen proba; Mikel Retegi (Lizarte) gailendu zitzaion Xabier Isasari (Bellota). Bikoak minutu luze pasa atera zien gainontzeko txirrindulariei. Sakandarren artean Igor Arrieta uhartearra (Sakana Group-Aralar) izan zen azkarrena, helmugan 8.a. Jon Gil lakuntzarra (Lizarte) bederatzigarrena sartu zen. Martzel Etxeberria kadetea (Sakana G.) 15.a iritsi zen helmugara eta lasterketako lehen kadetea izan zen. Gainontzekoei dagokienez, Mikel Lizasoain (Sakana G.) 23.a sailkatu zen, Jon Erdozia (Sakana G.) 25.a eta probako bigarren kadetea, Aitor Alberdi (Sakana G.) 27.a, Unax Miranda (Sakana G.) 36.a eta Diego Gonzalo (Quesos Albeniz-Burunda) 45.a. Altsasuko festak zirela eta, Quesos Albeniz taldeko sakandarrak ez ziren aritu.