"Gure erritmora ikasten dugu, hori da hoberena"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko ira. 20a, 10:53
Miren Bajo, Nuria Rojo eta Igor Lantz Irurtzungo AEK-ko ikasleak.

Miren Bajo, Nuria Rojo eta Igor Lantz euskara ikasten ari dira AEK-ko Itsasi euskaltegian, Irurtzunen

"Lotsa" alde batera utzi dute eta euskaraz hitz egitera ere ausartzen dira. Pausoz pauso haien helburua lortzen ari direla diote.

1. Zergatik euskara ikasi?
Igor. Arrazoi asko daude. Nire ingurua euskalduna zen, eta ni ez. Beraz, hemengo jendearekin hitz egiteko. Pixkanaka bagoaz aurrera. 
Nuria. Nik betidanik euskara ikasi nahi izan dut. Nire amonaren hizkuntza euskara zen, eta ezkondu zenean Irurtzunera etorri zen eta ezin izan zuen erabili. Orduan, nire amak eta osaba-izebek ez dakite. Haiekiko zor bat zen. Gure arbasoekiko zorra. Horregatik hasi nintzen duela urte asko. Momentu honetan garai egokiena zen. 
Miren. Ni Gasteizkoa naiz eta eskolan euskara ikasi nuen, baina ezin nuen hitz egin. Nafarroara etorri nintzenean hasi nintzen euskaltegian, baina bakarrik gramatika egiten genuen. Ez genuen hitz egiten. Pixka bat frustragarria izan da gramatika jakin eta gero hitz egitera ez ausartu. Egun batean klika egin nuen eta hasi nintzen. Konturatu nintzen, akatsak egiten baditut ere, ez duela garrantzirik. Inportanteena hitz egitea eta komunikatzea da. Lotsa kendu dut.

2. Noiz hasi zineten?
N. Duela bost bat urte. Baina poliki-poliki. 
I. Duela sei urte hasi nintzen. Astero biltzen ginen eta ordu bat euskaraz eta ordu bat ingelesez egiten genuen. Horrela egon ginen hiru ikasturte. Gero klasera etortzen hasi nintzen eta hau nire laugarren ikasturte osoa izango da. Horren aurretik saiakera bat izan zen. 
M. Gasteizko eskolan ikasi nuen, baina ez asko. Uharteko euskaltegian egon nintzen urte batez, orain dela ia hamar urte, eta utzi nuen. Hemen duela hiru urte hasi nintzen. Laugarren urtea izango da hau. 

3.Nolakoak izaten dira klaseak?
N. Gure klaseak bereziak dira. Maila desberdinetako ikasleak daude. Orduan, hitz egitea nahiago dugu. Gramatika pixka bat ere egin behar dugu. 
M. Gure asmoa nik uste dela gehiago hitz egitea. Gramatika egin behar dugula konturatu gara, baina gramatika egiten baduzu, eta gero ez baduzu praktikatzen, ahaztu egiten zaizu. 

4. Zein mailatan zaudete?
N. Pasa den urtean Igorrek eta Idoiak B1 titulua lortu zuten. Duela bi urte Mirenek, Cristinak, nik eta beste zenbait ikaslek. Emiliok maila altua du. 
I. Bakoitza gure erritmoan goaz. Hizkuntzak bizitza osoko lasterketa bat dira, eta beti aldapan gora ibiltzen gara poliki-poliki ibiltzen eta atsedenak ere hartzen ditugu. 

5. Azterketetara aurkezten zarete?
M. Bai. Batzuek lanagatik B1 titulua lortu behar zuten. Nik ez nuen azterketa egin nahi, baina azkenean guztiak joaten zirenez, probatzeko eta motibatzeko ere joan nintzen. Esperientzia polita izan da. Gogorra, baina polita. Gainera, lortu genuenez, hor daukazu. Momentuz nik ez daukat B2 egiteko asmorik. 
N. Momentuz hitz egitea da garrantzitsuena. 

6. Harro egoteko modukoa da.
I. Lortzen baduzu, bai. Bestela hurrengora arte...

7. Zenbat pertsona zaudete klasean?
I. Denak gaudenean hamar bat gara. Egunaren arabera izaten da. Gehienetan sei edo zazpi egoten gara. Astean sei ordu aritzen gara, bi orduko saioetan. 
M. Gu hiru,  Ainhoa, Emilio, Txomin, Idoia, Kris, Javi eta Jaione irakaslea. 

8. Hasi zinetenean zer espero zenuten?
I. Euskara bat-batean ikastea. Klasean sartu eta listo, euskara jakin. Baina bizitza ez da horrela. Hizkuntzak betirako plana dira. Helburua horizonte batean bezala dago, iristen zara eta zer ikusten duzu? Beste bat. Inoiz ez zara helmugara iristen. 
M. Hasieran iruditzen zaizu gauza asko ikasten ari zarela. Gero iristen da momentu bat trabatuta bezala gelditzen zarena. Pixka bat frustratuta sentitu nintzen. Gero salto txiki bat egiten duzu. Niri lagundu zidan Barnetegi batera joateak. Asteburu bat joan nintzen familiarekin eta hurrengo astelehenean beste modu batean hasi nintzen.
N. Aurreratzea espero nuen. Maila baxuago batean nagoela uste dut. Harresia apurtu eta gehiago hitz egin behar dut. Badakit gehiago hitz egin behar dudala; lotsa kendu. Euskaraz irakurri dut eta hitz asko dauzkat buruan. Baina gero erabiltzeko... 
I. Beti gehiago behar dugu, horregatik ez gara inoiz helmugara iristen.

9. Klasetatik kanpo euskaraz hitz egiten duzue?
M. Haurrekin bai. Basaburuako eskolan egon dira eta han denak euskaldunak dira. Orduan, kostata baina hitz egiten genuen. Hitz egiten hasi nintzen, eta nahiko ongi. Hemen Irurtzunen ere taberna batera joaten banaiz, tabernariarekin euskaraz egiten dut. Lagunak euskaldun zaharrak dira eta euskaraz hitz egiten hasten naiz. Baina gaztelaniara pasatzen naiz. Askoz errazagoa delako niretako emozioak eta dena erdaraz esatea. Saiatzen gara. 
N. Nik askoz gutxiago: etxean ez, lagunekin ez... Lotsa handia ematen dit. Hori da nire arazoa. 
I. Nire muga hitz egitea zen. Horregatik hasi ginen klasean hitz egiten. Gramatika eta bokabularioa jakin gabe, hitz egiten hasi ginen. Gero hitz egitea zaila da, baina aukera badugu saiatzen gara gure lagunekin eta hemengo jendearekin hitz egiten. Ez da beti, baina pozik nago. Errazagoa da erdaraz egitea. Egia esan euskaldunak oso pazienteak dira eta eskertzen dute gurekin euskaraz hitz egitea. Normalean ez dira aldatzen. Guk hitz egiten dugu gure euskara makarronikoarekin eta haiek euskaraz jarraitzen dute. Motibagarria da. 

10. Euskara ikasteaz gain, zer eman dizue euskaltegiak?
M. Taldean oso gustura egoten naiz, oso pozik etortzen naiz eta oso ongi sentitzen naiz. Nuriak esan duen bezala maila desberdinak daude, eta Jaione gaixoa, irakaslea, oso ongi moldatzen da eta oso gustura etortzen gara. Motibatzen zaitu. 
N. Irakasle bikaina da. Klaseak ongi prestatzen ditu, beti prest dago eta gure interesen arabera proposatzen ditu gauzak. 

11. Zer aholku edo gomendio ematen diezue euskara ikasten hasten direnei?
M. Pazientzia izateko eta aurre egiteko. Behin hasita ez utzi. Uzten baduzu, eta gertatu izan zaigu, agian itzul zaitezke, baina zaila da. Hobe da behin hasita jarraitu. 
I. Hizkuntza bat ikasteko praktikatu behar da. Ezin da beste modu batera ulertu. Garrantzitsuena motibazioa da. Ez da batere erraza, beste edozein hizkuntza bezala, baina nahi baduzu aurrera egin eta ez utzi. 
N. Hemen presiorik gabe eta gure erritmoan ikasten dugu. Ez da beste kurtso batzuetan bezala gainditu behar duzula. Niretako primerakoa da. 

Erlazionatuak