Zazpigarrenean ere jendeak erantzun zuen

Guaixe 2019ko ira. 17a, 17:41
Jendea poliki bildu zen Irurtzunen.

VII. Irurtzun-Arakilgo Bertako Ganadu Azokak jendea poliki erakarri zuen. Goizetik sumatu zen mugimendu ugari Irurtzungo plazan. Bertako azienda arrazak gertutik ezagutzeko baliatu zuten batzuek. Bertako ekoizleen salmahaietatik pasa, aukera aztertu eta erosketak egin zuenik izan zen. Gauza bera gertatu zen Arbaso elkarteko artisauen postuen paretik pasatzen zirenak. Gainera, garai bateko nekazari eta abeltzainen lanabesen erakusketa eta Artetako etnografia museoaren erakusketa ikusgai izan ziren.

Brun forjariek ezpata bat nola egiten den erakutsi zuten. Ignotak, Donostiako antzinako eskrima taldeak, eskatuta hasi ziren halakoak egiten. Haiengandik gertu sokak nola egiten ziren erakutsi zuten sokagileek. Txikienak buztingintzan trebatzeko tailerra izan zuten aukeran. Baita goxokiak hartu ere, halakoa jaurtitzen zituen kanoia berriro Irurtzunen izan baitzen. Txikien eta helduen atzetik zirika ibili ziren Iskidiren mitologia pertsonaiak eta ardi latxez osatutako artalde xelebrea.

Azokatik pasa zirenak Idiazabal jatorri izendapenak zabaldutako dastaketa fitxak jaso eta dastatze-lehiaketan parte hartzeko aukera izan zuten. Gaztaren forma, azala, orearen kolorea, begiak, kolorea, testura, zaporea eta ondorengo zaporea kontuan hartuta botoa emateko aukera izan zuen edozeinek. 15 gazta aurkeztu ziren lehiaketako herritarrera eta puntu gehien Uztegiko Antsoneak jaso zituen. Bigarrena Egozkueko Marta Perez Loperenaren gazta izan zen eta podiuma Unanuko Balda-Artola y Otros gaztandegiak osatu zuen.  

Erlazionatuak