Maria Txibite Navascuesek Nafarroako lehendakari berriak 13 departamentuko gobernu egitura antolatu du legegintzaldi honetarako. Aurreko foru administrazioan gobernu ardurak zituzten bi sakandarrek egituran jarraitzen dute. Maitena Ezkutari Artieda 2015-2019 legegintzaldian Turismo eta Merkataritza zuzendari nagusia izan zen. Agorrilaz geroztik etxarriarra Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendari Nagusia da.
Ruben Goñi Urroz, bestalde, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuaren zuzendari-kudeatzaile izan zen aurreko legegintzaldian. Oraingoan, etxeberriarra Jose Mari Aierdi kontseilariaren lantaldean ariko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusi izendatu baitute.