Hezkidetzan hezi, berdintasunean bizitzeko

Guaixe 2019ko ira. 23a, 10:30
Gizonezkorik ez dagoen jolas-parkea.

Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak helburu horrekin hitzaldiak eta jarduerak antolatu ditu udazkenerako. Izen ematea hilaren 27ra arte zabalik dago berdintasuna@sakana-mank.eus e-postan edo 948 464 867 telefonoan

Gizartearen balioak hezkidetzaren bidez aldatu eta horrela emakumezkoen ahalduntzea eta parte hartzea sustatzeko helburuz, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak tailerrez eta hitzaldiz osatutako programa antolatu du. Hezkidetzan hezi, berdintasunean bizi leloa du hezkidetzaren inguruan antolatutako zikloak. Tailer batek eta hitzaldi sorta batek osatzen dute zikloaren ardatza. 

Tailerrak Hezkidetza eta tratu onak hezkuntza ez formalean izenburua du. Oihana Gallo San Roman teknikariak azaldu digunez, “hezkuntza ez-formaleko begiraleei, kirol monitoreei, kirol elkarteko kideei, gazte txokoko begiraleei eta interesa duen guztiei dago zuzenduta. Izena ematen dutenek Hezkidetzaren inguruko oinarri teorikoa barneratuko dute eta patriarkatua eta botere harremanen logika ulertuko dute”. Horretaz aparte, tailerrak balioko du “zaintza erdigunean jartzeko eta horrela norbanakoen eta taldearen ahalduntzea sustatzeko. Gainera, prebentzioa ere landuko da, elkartasun estrategiak landuz”. Gallok aurreratu du tailerrak “metodologia parte-hartzailea, aktiboa, kritikoa, dinamikoa eta feminista” izanen duela. Tailerra Irurtzunen lastailaren 2an eta 9an izanen da, Etxarri Aranatzen lastailaren 1ean eta 8an eta Olatzagutian irailaren 30ean eta lastailaren 7an. 
 
Gallok, bestetik, jakinarazi digunez, haurrekin hartu emana duten helduei eta familiei zuzendutako hitzaldi sorta ere antolatu du. Hezkidetza eta tratu onak familian izenburua dute. Irurtzunen lastailaren 2an izanen da, Etxarri Aranatzen lastailaren 9an eta Olatzagutian lastailaren 3an. Bai hitzaldietan bai tailerretan parte hartzeko aurretik izena eman behar da. 

Gehiago 
Mank-en Berdintasun Zerbitzuak antolatutako zikloak abenduan izanen du segida. Altsasuko Iortia kultur gunean ikusgai izanen den Itsaspeko bihotzak haur eta gazte literatura aretoan ibarreko ikasleendako tailerrak izanen dira goizetan, eta familiendako saio osagarria arratsaldez. Literatura-areto horren bitartez genero berdintasuna eta hezkidetza landuko dira. “Horretarako, ibilbide pedagogiko-artistiko bat eskainiko da itsaso batean kokaturik dauden bost gunetan barrena”. Gainera, eguberrietan jolas eta jostailu ez sexisten inguruko kanpaina antolatuko du zerbitzuak.