Ikasturteak berritasunak eskoletara

Guaixe 2019ko ira. 23a, 13:17
Irurtzungo eskolako eraikin berriaren ikuspegia.

Irurtzungo Atakondoa eskola publikoan eraikin berria mustu dute eta Arbizun eskola berria.

Sakanako ikastetxeetara ikasturte berriak bi berritasun ekarri ditu: Irurtzungo Atankondoa eskola publikoko eraikin berria eta Arbizuko eskola publiko berria. Ikasle kopuruaren hazkundeak espazio falta premia sortu zuen eta Atakondoako eraikin berria horri erantzuteko eraiki da, Iñigo Zamargilea zuzendariak azaldu digunez. “Hainbeste urteren borrokaren ondorioz lortu dugu”. 

Ardubil kaleari paralelo jaso da eraikin berria eta 491 metro karratuko ditu. Sei gela egin dituzte, 3., 4. eta 5. mailako ikasleak hartzen dituztenak. Horretaz aparte, bi mintegi, biltegia eta komunak daude. Eraikin berrira eskola zaharreko aurreneko pisutik sartzen da, baita patioko eskaileretatik ere.  Larrialdi irteerak Ardubil kalera ematen du. Irisgarritasuna bermatzeko kaletik lehen solairura eramaten duen igogailua ere badago. Azpian patioko aterpea eratu da, eguraldi txarra dagoenean erabil litekeena. Han biltegia eta komuna ere daude. Eraikinaren gainean beste solairu bat egiteko aukera dago. Ikasleek patio berritua opatu zuten hilaren 6an. Izan ere, udalak 14.750 euroko inbertsioa eginez, kirol pista eta kolaborazio-jolasak margotu ditu. 

Bestalde, Arbizuko Herri Eskolak eraikin berria mustu zuen hilaren 9an. Horrek ahalbidetu du 3 eta 12 urte bitarteko ikasle guztiak herriko eskolan ikasteko aukera izatea. Eskola berriak apenas izanen du energia kontsumorik eta guneen banaketagatik eta ekipamenduengatik hezkuntza metodologia berriak ezartzeko aukera ematen du. Nafarroako Eskola Kontseiluak antolatutako jardunaldi batzuetan eraikin arduratsuen adibide gisa jarri zuten Arbizuko eskola berria.