Aralarko aingerua Orreagaraino joanen da

Guaixe 2019ko ira. 20a, 11:20
Fededunek Orreagan aingerua gurtzeko aukera izanen dute.

Larunbat goizean izanen da. Orreaga Hego Euskal Herriko eta Iparraldeko fededunen topagune bihurtzeko aitzakia ederra da aingeruaren bisita.

Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiako kideek erabaki zuten euren moduko erakundeak zituzten Nafarroako santutegiak bisitatuko zituztela. Aralarko aingeruaren irudia hartuta, bisitatu zuten santutegietako bat Orreagako Ama Birjinarena izan zen. Bisitan joan den hamarkadako erdialdean egin zuten. Eta, ordutik urtero errepikatzen dute, Orreagako kofradiak hala eskatuta.  

Kofradeek Orreagako bidea hartuko dute larunbatean. Haien zain bideko Gurutzearen ondoan egonen dira 10:45ean. Handik Orreagako santutegira oinez joanen dira eta 10:55ean, santutegiaren aurrean, Kabildoaren harrera jasoko dute. 11:00etan  abestutako meza ospatuko dute. Hura despeditzean, ohi bezala, fededunek aingeruaren irudia gurtzeko aukera izanen dute. Santutegitik aterata, kolegiata aurrean dagoen belardian lurren bedeinkapena eginen dute. Bisita Agur Jaunak doinuarekin bukatuko da.