Ergoienako Bira Dorraon erabakiko da

Guaixe 2019ko ira. 20a, 12:00

Bihar, larunbatean, jokatuko da Ergoienako XV. Bira. Txikienen probak 10:00etan hasiko dira eta helduena 11:00etan. Aurten zendutako Joxemari Mercero korrikalari ohia gogoan, XV. Ergoienako Bira Merceroren Oroimenezko 1. Saria izango da

Korrikalariek hitzordua dute bihar Dorraon. Ergoienako Udalak antolatuta, XV. Ergoienako Bira jokatuko da larunbatean, goizeko 10:00etatik aurrera. Kirola eta atletismoa bulkatu eta Ergoienan ekitaldiak antolatzeko, herriei bizia emateko asmoz antolatu zen Ergoienako Bira, eta aurten 15 urte beteko ditu ekimenak. Txandaka egiten da antolakuntza, eta aurten Dorraori dagokio. Beraz, Dorrao izango da XV. Ergoienako Birako hasiera eta helmuga. 

Goizeko 10:00etatik aurrera neska-mutilen probak jokatuko dira Dorraon. Eta 11:00etan, 8,5 km-ko proba gogorrari ekingo diote nagusiek. Ergoienako hiru herriak lotzen ditu lasterketak, Dorrao, Unanu eta Lizarraga, ibilbide oso gorabeheratsuan. Maldak eta aldapak xenda eta eremu lauekin tartekatzen dira, eta lasterketa gogorra egiten da, baina, aldi berean, oso polita. Aurtengo edizioari dagokionez, Dorraun hasi, Unanuraino heldu, handik buelta hartu eta atzera ere Dorraotik pasako da lasterketa, Unanuraino jo eta hura gainditu eta gero Lizarragara heltzeko. Ondoren, helmugarantz joko dute korrikalariek, Dorraora (8 km). Iaz Unanun jokatu zen proba eta kategoria txikietan 20 neska-mutiko eta helduetan 25 korrikalari aritu ziren. Irabazleak Ibai Alda hernaniarra (32:53) eta Maite Beregaña uhartearra (43:51) izan ziren. 

Merceroren izena hartuko du probak
Joxemari Mercero korrikalari unanuar beteranoak aurten utzi gintuen. Sakanako lasterketa guztietan aritzen zen Mercero, are gehiago bere herrikoan, eta oso gizon preziatua zen korrikalarien artean. Zendu zenetik, ere alde egindako omenaldiak zenbatezinak izan dira. Ergoienako Biran keinu sentikor bat egin nahi izan diote Mercerori eta aurtengo Ergoienako XV. Bira Joxemari Merceroren Oroimenezko 1. Saria izango da

Bukaeran, indarrak behar bezala berreskuratzeko, korrikalariek auzate ederra izango dute zain. Sari banaketan, irabazleek trofeoak eta bertako produktuak jasoko dituzte, eta korrikalarien artean bertako produktuen loteak zozketatuko ditu antolakuntzak. Bestalde, Ergoienako Birarekin batera Ergoienako eguna ospatuko dute ergoendarrek eta lasterketaren ondoren bazkaltzera bilduko dira, eguraldiak laguntzen badu kalean. 

Izena ematea bihar, goizeko 9:00etatik hasita
Ergoienako Biran parte hartu nahi duten korrikalariek bihar bertan eman beharko dute izena, Dorraon, goizeko 9:00etatik aurrera. 

Sakanako Koparako puntuagarria
XV. Ergoienako Bira Sakanako XVI. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sarirako puntuagarria da, apirilaren 6an jokatu zen Ziordiko herri krosarekin, ekainaren 15ean jokatutako XVI. Aitzkozar Krosarekin eta urriaren 26ean eta abenduaren 8an jokatuko diren Sakanako XIX. Herri Lasterketarekin eta Barricarteren XXXIX. Oroimenezko Oinezko Lasterketarekin batera.

Sakanako Kopan Sakanako 10 korrikalari hoberenek puntuatzen dute (10 emakumek eta 10 gizonek). Egun, gizonezkoetan Javi Moreno, Joxeja Maiza eta Raul Audikana daude buruan eta emakumezkoetan Erkuden San Martin, Maite Zabaleta eta Izaskun Beunza.