Futbola

Preferente maila: Lagun Arteak berdindu eta Etxarrik irabazi

Guaixe 2019ko ira. 23a, 12:12
Etxarri Aranatz taldeko iazko partida bat.

Preferente maila. 1. multzoa. 2. jardunaldia: Ondalan 1 – Lagun Artea 1 / Etxarri Aranatz 2-Mutilbera B 0

Asteburuan Preferente mailako 2. jardunaldia jokatu da. Villatuertan jokatu zuen Lagun Arteak, Ondalan taldearen kontra. Lagun Arteak partidaren kontrola hartu zuen, eta atsedenaldia baino lehen Zubietak lakuntzarren aldeko gola sartu zuen. Baina bigarren zatian Ondalan taldeak gogor egin zuen lan, taldea berreraiki zuen, egoerari tamaina hartu zion, gol aukerak sortu zituen eta azken minutuan, 89.ean, berdinketaren gola sartzea lortu zuen. Hiru puntuak Lakuntzara ekartzear egon zen Lagun Artea, baina puntu batekin konformatu behar izan zuen. 

Bestalde, Etxarri Aranatzek San Jorgeren kontrako lehen jardunaldiko porrotari buelta ematea lortu zuen denboraldi honetan etxean jokatutako lehen partidan. Mutilbera B taldea hartu zuten etxarriarrek, eta lehen zatian jokoan gailendu ziren, baina ez zituzten aparteko gol aukerarik sortu. Atsedenaldirako 10 minuturen faltan Alainek Etxarri aurreratu zuen. Bigarren zatian Mutilbera B hobeto aritu zen eta bi taldeak parez pare ibili ziren. Berdintzeko aukera dezente izan zituen Mutilberak, baina gehiegi barkatu zuten. Partida bukatzeko 5 minuturen faltan Xabatek Etxarriren bigarren gola sartu zuen eta hiru puntuak etxean geratu ziren. 

Sailkapenean San Jorge da liderra (6 puntu). Lagun Artea 5.a da (4 puntu) eta Etxarri Aranatz 6.a (3 puntu). Asteburuan Lagun Arteak sailkapenean 8.a den Arrotxapea hartuko du Zelai Berrin eta sailkapenean 11.a den Amigó taldearen kontra ariko da Etxarri Aranatz.