Atletismoa

Etxeberriak eta Beunzak Mercerori eskaini zioten Dorraoko garaipena

Guaixe 2019ko ira. 26a, 16:33

Larunbat goizean XV. Ergoienako Bira jokatu zen, aldi berean Joxe Mari Merceroren Oroimenezko 1. Saria izan zena. Bere klubeko bi taldekidek irabazi zuten proba, Antonio Etxeberriak eta Izaskun Beunza olaztiarrak, eta hutsune handia utzi duen Unanuko korrikalariari eskaini zioten garaipena. Lasterketa “oso gogorra” izan zela nabarmendu zuten korrikalari ia guztiek

Sakandarrak XV. Ergoienako Biran
1.Antonio Etxeberria 33:12
3.Javi Moreno  (Alts) 34:47
4.Sergio G. Eulate (Alts) 35:20
5.Raul Audikana (Olaz) 35:42
7.Joxeja Maiza (Etx) 36:53
9.Izaskun Beunza (Olaz) 38:52
11.Gaizka Diaz de Garaio (Bak) 39:01
14.Iñaki Alvaro (Alts) 41:05
19.Erkuden S. Martin (Etx) 43:15
21.Santi Agirre (Iturm) 44:33
22.Juanpi Ariz  (Bak) 44:33
31.Urko Rekalde (Lak) 46:18
32.Jon Melchor (Unanu) 46:25
33.Aingeru Azazeta (Alts) 46:51
34.Maitane Txueka (Arb) 47:50
37.Iñigo Oreja  (Etx) 50:03
42.Asier Solis (Liz) 54:55

Dorraok hartu zuen aurtengo Ergoienako Bira. Probaren XV. Edizioa zen aurtengoa, eta aurten zendutako Joxe Mari Mercero korrikalari unanuarra gogoan, Joxe Mari Merceroren Oroimenezko 1. Saria izendatu zuten. 

Lehenik eta behin kategoria txikiko probak jokatu ziren; 12 neska-mutiko aritu ziren eta guztiendako izan ziren dominak. Haiek bukatutakoan abiatu zen proba nagusia, 8 km-koa, Dorraon hasi eta Ergoienako beste bi herrietatik, Unanutik eta Lizarragatik pasa zena, atzera ere Dorraon despeditzeko. 44 helduk ekin zioten probari, horietatik 9 emakumezkok. Asko Merceroren klubeko korrikalariak ziren, Beste Iruñakoak. 

Euririk ez, baina haizea fin-fin zebilen Dorraon. Beriain mendiko punta ez zen ikusten, lainoagatik. Tenperatura ona zen, baina haizeak bereak egin zituen. Eta Ergoienako maldek zer esanik ez. Izan ere, lasterketa gorabeheratsu bat badago, hori da Ergoienakoa. Maldak nonahi, erritmoa topatzea ia ezinezkoa da. Antonio Etxeberriak ez zuen areriorik izan, aurrea hartu zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara (33:12), hori bai, ederki sufritu eta gero. “Ez nuen gogoratzen lasterketa hau horren gogorra zela. Zelako maldak! Eta haizearekin are okerrago!” adierazi zuen helmugara iritsi bezain pronto. Arnasa ia hartu ezinik, garaipena aurten zendutako Mercero taldekideari eskaini zion, eta unanuarra faltan botatzen dutela gaineratu zuen. Bigarrena bere taldekide Javier Mina izan zen (34:21) eta hirugarrena Javi Moreno altsasuarra (34:47). 

Emakumezkoetan, Izaskun Beunza olaztiarra izan zen lehena (38:52), bere taldekide Izaskun Olleta zangozarrarekin lehia estua izan eta gero (39:22). Hirugarrena Marta Malon sailkatu zen (42:02). Beunzak ere probaren gogortasuna nabarmendu zuen, eta garaipena Joxemariri eskaini nahi zionez, bere burua estutu zuela gaineratu zuen. Bestalde, Erkuden San Martin izan zen lehen sakandarra, emakumezkoetan laugarrena (43:15). 

Sari ematea baino lehen, Joxe Mari Mercero izan zuten gogoan bildutakoek. Haren senitartekoek lore sorta ederra jaso zuten. Ondoren, txapeldunek kattolak eta bigarrenek eta hirugarrenek trofeoak jaso zituzten. Bestalde, korrikalari guztien artean bertako produktuekin egindako loteak zozketatu zituen antolakuntzak eta auzate ederra eskaini zitzaien bildutakoei. 

Izaskun Beunza: “Sufritutako garaipena izan da, baina pozik nago irabazteagatik, garaipena Joxe Mariri eskaintzeko”

Beste Iruña klubeko Izaskun Beunza olaztiarrak irabazi zuen emakumezkoen Ergoienako Bira. Aitortu zigunez, “oso gogorra” egin zitzaion. “Ez dakit besteak, baina ni behintzat lehertuta iritsi naiz. Iruñako taldekideei neraman aste guztia esaten Ergoienakoa lasterketa gogorra zela. Ez zuten pentsa hain gogorra zenik, baina bada. Aldapa asko daude, ez duzu zatitxo lau bat harrapatzen eta uneoro erritmoa galtzen duzu. Hau da proba gorabeheratsu bat; oraintxe bertan ez dut buruan horren gogorra den beste probarik (kar, kar...)” azaldu zigun olaztiarrak irribarrez. 

Normalean Beste Iruña klubekoak larunbatean Iruñean geratzen dira entrenatzera, baina Joxe Mariren omenezko lasterketa zegoela jakin zutenean, entrenatu beharrean ahal zuten guztiek Ergoienako Birara etortzea erabaki zuten. “Sufritutako garaipena izan da. Bigarrena gertu ikusten nuen eta nire buruari esaten nion: benga... ea lortzen dugun. Joxe Marirengatik. Izan ere, pozik nago irabazteagatik, garaipena Joxe Mariri eskaintzeko” aitortu zigun Beuntzak. 

Mari Larraza: “Jendea Joxe Marirekin asko gogoratzen dela ikusteak pozten zaitu, baina, bestetik, penarekin”
Apirilaren 25ean zendu zen Joxe Mari Mercero korrikalari beterano unanuarra, 80 urterekin. Ordutik makina bat omenaldi egin dizkiote Iruñeko Maratoi Erdian, Tritoiena mendi lasterketan, Aitzkozar Krosean… azken omenaldia larunbatean jaso zuen Mercerok, etxean, Ergoienako Biran. Lore sorta ederra jaso zuen familiak. “Alde batetik gustura, ikusita jendea Joxe Marirekin asko gogoratzen dela, baina bestetik pena pixka batekin, bera ez dagoelako. Bere falta sumatzen dugu, denbora pasa ahala gehiago nabaritzen duzu bere hutsunea, izan ere dena izan zen horren azkarra…” aipatu zigun bere alargun Mari Larrazak. Izan ere, aurreko urtean Behobia-Donostian aritu zen Joxe Mari Mercero. “Txantrean ere jaistekotan izan zen, baina ez zen ongi sentitzen. Nik esan nion berak ikusteko, baina ongi ez bazegoen ez joateko. “Ongi, ongi… ez dakit, esan zuen, eta, azkenean, ez zen probara joan” gaineratu du Larrazak. Ondoren etorri zen gaixotasuna. 

Unanuarra oso estimatua zen korrikalarien eta gertukoen artean. Dagoeneko makina bat omenaldi jaso ditu. “Bai, omenaldi asko izan ditugu. Gaur, Ergoienako Biran, Beste Iruña bere taldeko korrikalari asko etorri dira, baita presidentea ere. Eta hurrengo asteburuan San Fermin Txikitoetako “Cross de los carrozas” delakoan ere omenduko dute” azaldu digu Marik. Lasterketa herrikoi eta ezagun horretan 60 urtetik gorakoak parte hartu dezakete eta iazko edizioa Joxe Mari Mercerok irabazi zuen, 79 urterekin. Guztira, Cross de los carrozas delakoan 14 alditan lehiatu zen Joxe Mari eta horietatik 12 irabazi zituen eta gainontzeko bietan bigarrena izan zen. “Berari lasterketetan aritzea gustatzen zitzaion; jendearekin egotea gustuko zuen eta harreman asko zuen jendearekin. Baina, beno, horrela da bizia” aitortu zigun Larrazak, hunkituta.