Pilota

San Mateoak: Zabaleta torneotik kanpo eta Ezkurdia eta Martija finalerako sailkatzeko aukerekin

Guaixe 2019ko ira. 24a, 14:13

Zabaletak eta Victorrek jokatutako bi partidak galdu eta gero, Logroñoko San Mateo Feriatik kanpo geratu dira. Ezkurdiak eta Aretxabaletak eta Bengoetxea VI.ak eta Martijak garaipen bana dute eta jokoan dituzten partidak irabaziz gero, elkarren kontra jokatuko lukete igandeko finala

Larunbatean hasi zen udako azken torneoa, 40. Logroñoko San Mateo Feria. Torneo hau udako bigarren torneo garrantzitsua da, Sanferminetakoaren atzetik, eta torneo honek erabakiko du udako pilotari txapelduna nor den. 

Nobedade moduan, parte hartzen ari diren 6 bikoak mistoak dira, hau da, Aspe eta Baiko enpresetako pilotariek elkarrekin osatu dituzte bikoak. Lehen multzoko bikoteak Victor-Zabaleta, Olaizola-Rezusta eta Ezkurdia-Mariezkurrena II.a dira, eta bigarren multzokoak Bengoetxea VI.a-Martija, Irribarria-Albisu eta Altuna III.a-Imaz. Bikote orekatuak dira eta torneo interesgarri eta ikusgarria izaten ari da. 

Lehen multzoa: Zabaleta kanpo eta Ezkurdia finalera sailkatzeko aukerekin
Lehen multzoan, ostiralean, Victor eta Zabaletari 22 eta 16 irabazi zieten Olaizola II.ak eta Rezustak. Partida polita izan zen, bi bikoak ongi aritu ziren baina, balantza, azkenean, Olaizola II.aren eta Rezustaren alde erori zen. Hortaz, San Mateotan aurrera egiteko bigarren partida irabazi beharrean zeuden Victor eta Zabaleta, baina atzo Ezkurdiaren eta Mariezkurrena II.a ordezkatu zuen Aretxabaletaren kontra ezinean ibili ziren. Ostiralean eman zuten mailatik oso urrun ibili ziren, Zabaleta bereziki, pilota asko galdu baitzituen. Aldiz, sekulako erakustaldia egin zuen Ezkurdiak, erremate azkar eta gogorrekin, eta, azkenean, 22 eta 5 irabazi zieten Ezkurdiak eta Aretxabaletak. Horrela, Victor eta Zabaleta San Mateotako Feriatik kanpo geratu dira, modu nahiko tristean. Ezkurdiak eta Aretxabaletak Olaizola II.aren eta Rezustaren kontra ostegunean jokatuko duten partidak erabakiko du zein biko sailkatzen den final handira. 

Bigarren multzoa: Martijak puntu bat du, eta finalean egoteko aukera
Bigarren multzoan, larunbatean, Bengoetxea VI.ak eta Martijak garaipen oso garrantzitsua lortu zuten Irribarriari eta Albisuri 18 eta 22 irabazi eta gero. Partida bikaina izan zen, oso estua. Hasieran Irribarria eta Albisu aurreratu ziren, 6 eta 1, zuten kolpe bikainari esker, baina Bengoetxea VI.ak eta Martijak ez zuten behera egin, partida nahasi zuten, Leitzako aurrelariak bereziki, 13ra berdindu zuten eta hortik aurrera aurrea hartzen hasi ziren. Azkenean, 18 eta 22 irabazita, San Mateotan aurrera egiteko urrezko pausua eman zuten. 

Bigarren multzoko hurrengo partida asteazkenean jokatuko da: Irribarriak eta Albisuk Altuna III.a eta Imaz izango dituzte aurkari. Txapelketan aurrera egiteko, irabaztera derrigortuta daude Irribarria eta Albisu. Eta bigarren multzoko hirugarren eta azken jardunaldia ostiralean jokatuko da: Bengoetxea VI.aren eta Martijaren kontra ariko dira Altuna III.a eta Imaz. Jokoan dauden bi partida hauek erabakiko dute nor sailkatuko den igandean jokatuko den San Mateotako Torneoko finalera.