Txirrindularitza

Igor Arrieta bigarrena Lizarran

Guaixe 2019ko ira. 25a, 10:29
Igor Arrieta, Espainiako selekzioko taldekideekin.

Uhartearra lehen urteko juniorren sailkapenean lehena izan zen eta Burunda klubeko Hugo Aznar 2. urteko kadeteen sailkapenean lehena

Igandean juniorren mailako eta kadeteen 2. urteko I. Trofeo Bar Faculty lasterketa jokatu zen Lizarran (88 km), Nafarroako txirrindularitza denboraldiko juniorren azkenaurreko lasterketa. Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrietak eta Lizarteko Mikel Retegik erasoa jo zuten, bakar-bakarrik iritsi ziren helmugara eta, azkenean, Retegi gailendu zitzaion Arrietari (2:12:24). 33 segundora Jon Gil lakuntzarra sartu zen (Lizarte), sailkapenean 5.a, eta haren atzetik Quesos Albeniz taldeko Hugo Aznar, 35 segundora, sailkapenean 6.a. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Sergio Lopez (Q. Albeniz) 12.a sailkatu zen, Unai Aznar (Q. Albeniz) 16.a, Mikel Lizasoain (Sakana G.) 21.a, Mikel Arretxe (Beola Motor) 23.a eta Unax Miranda (Sakana G.) 37.a. Lehen urteko juniorren sailkapenean Igor Arrieta izan zen azkarrena, eta bigarren urteko kadeteen sailkapenean, berriz, Hugo Aznar. 

Juniorren eta kadeteen 2. urteko txirrindularien Nafarroako azken lasterketa igandean jokatuko da, Atarrabian, Indurain Anaiak Sari Nagusia. 

Arrieta, Mundialetan
Igandean hasi ziren Munduko Txirrindularitza Txapelketak, Yorkshiren (Ingalaterra). Espainiako junior mailako selekzioarekin ariko da Igor Arrieta. Junior mailako lasterketan parte hartuko du Arrietak, selekzioko gainontzeko taldekideekin: Carlos Rodriguez, Juan Ayuso, Raul Garcia eta Fernando Tercero. Guztiak Francisco Javier Cerezo selekzionatzailearen aginduetara ariko dira. Lasterketa ostegunean jokatuko da, 13:10etatik aurrera, eta 148 km gogor izanen dituzte aurretik juniorrek.

Egunotan erlojupekoak jokatzen ari dira, eta junior mailakoan Carlos Rodriguez 34.a eta Fernando Tercero 40.a sailkatu ziren. Ez zuten zortea alde izan.