Mendi lasterketak

Muruaren eta Sanzen erakustaldia Beriainen

Guaixe 2019ko ira. 24a, 14:30

Iban Muruak bere bigarren Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala irabazi zuen eta Ainhoa Sanz urretxuarrak sekulako erakustaldia egin zuen bere debutean: errekorra minutu batean apurtu zuen

Sakandarrak Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalean
Gizonak
1.Iban Murua (Elgoibar) 42:07
13.Aritz Munarriz (Etx) 48:08
14.Jose Luis Beraza (Uhar) 48:52
35.Aitor Mozo (Lak) 52:14
39.Jokin Bereziartu (Alts) 52:32
44.Iñaki Martiarena (Uhar) 52:47
47.Alatz Agirre (Arb) 52:53
52.Joxeja Maiza (Etx) 53:23
54.Iker Flores (Alts) 53:49
66.Andoni Ocaña (Urd) 55:07
77.Ioseba Iza (Arb) 56:55
79.Patxi Cano (Alts) 57:03
84.Arkaitz Munarriz (Etx) 57:29
91.Eneko Otxagabia (Lak) 58:01
106.Asier Ansa (Alts) 59:19
107.Carlos Mañeru (Etx) 59:39
109.Garat Flores (Etx) 59:44
128.Roberto Jerez (Uhar) 1:01:29
136.Kepa Gordo (Arb) 1:02:15
140.Aitor Salinas (Etx) 1:03:29
155.Unai Satrustegi (Arru) 1:05:43
162.Araitz Jaka (Etx) 1:06:54
166.Jon Igoa (Etx) 1:07:25
187.Iñaki Agirre (Etx) 1:12:52

Emakumeak
12. Ainhoa Sanz (Urretxu) 47:54
132.Maite Beregaña (Uhar) 1:02:12
148.Erkuden S. Martin (Etx) 1:04:28
184.Leire Estarriaga (Etx) 1:12:01

 

Goizeko 8:00etan euria gozo-gozo ari zuen eta Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala euritsua, lohitsua, gogorragoa eta guztiz desatsegina izango zela zirudien. Baina proba hasterako, goizeko 10:00etarako jada ez zegoen euri arrastorik eta irteera hartu zuten 226 korrikalariek ez zuten euria kontra izan. Hori bai, lohia bidaide izan zuten, eta Beriain gaina eta azkeneko arranpa eta malda gogorrak lainopean egin behar izan zituzten. Irteera hartu zutenetatik, 198k lortu zuten helmugara iristea, 5 km eta 1.023 metroko desnibela gainditu eta gero. 

Sakandarrak podiumean: Aritz Munarriz, Jose Luis Beraza, Jokin Bereziartu, Leire Estarriaga eta Maite Beregaña
Guztiak batera atera ziren, proba motza bezain gogorra eta intentsitate handikoa osatzeko. Berehala hartu zuten aurrea faboritoek. Iazko txapeldun Iban Murua zen horietako bat eta Elgoibarkoak ez zuen huts egin. Hasieratik erritmo gogorra ezarri zuen, eta arranpa gogorrenak hasi zirenean arerioak atzean utzi eta Beriainen iristen lehena izan zen (42:07). Minutu pasa atera zion Alain Santamaria errioxarrari (43:11) eta bi minutu pasa Mikel Beunza alkoztarrari (44:34). Hala ere, Aitor Osak 2015ean ezarritako errekorra (39:54) ezin izan zuen hobetu. Lehen sakandarra Aritz Munarriz etxarriarra izan zen, helmugan 13.a (48:08). Bere atzetik, 14. postuan, Jose Luis Beraza uhartearra sartu zen (48:52), probako lehen beteranoa eta lehen uhartearra. Bestalde, junior mailan Elorrioko Gontzal Murgoitio gailendu zen (47:22), Atarrabiako Aimar Azpirozen (51:27) eta Altsasuko Jokin Bereziarturen (52:32) aurretik. 

Baina emakumezkoetan egon zen sorpresa nagusiena. Ainhoa Sanz urretxuarrak Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalean aritu zen lehenengoz, eta debut ikusgarria egin zuen urretxuarrak: emakumezkoetan lehena izan zen eta sailkapen absolutuan 12.a (47:54), eta iaz Oihana Azkorbebeitiak ezarritako errekorra (48:54) minutu batean gainditu zuen. Zegoen lohiarekin, sinistu ezina. 11 edizio hauetan inork ez du lortu sailkapen absolutuan horren goian egotea, 12.a. Emakumezkoetan bigarrena Andrea Garay gasteiztarra izan zen (51:58), lau minutu pasara, eta hirugarrena Maite Etxezarreta azpeitiarra (55:07). Lehendabiziko sakandarra Maite Beregaña uharte arakildarra izan zen, emakumezkoetan 15. (1:02:12). Beregañak ere lehen uhartearraren saria jaso zuen.  Emakumezkoen junior mailan Sara Alonso gailendu zen (55:45), Irene Iturriaren (1:01:11) eta Leire Estarriaga etxarriarraren (1:12:01) aurretik, eta beteranoetan, Izaskun Sanz (58:27), Izaskun Zubizarretaren (59:49) eta Edurne Arakistainen (1:03:39) aurretik.