Pilota

Ezkurdia eta Bakaikoa Lau T’erdiko Txapelketan ariko dira

Guaixe 2019ko ira. 25a, 09:32

Arbizuko egungo txapelduna final laurdenetako ligaxkan sartuko da txapelketan, urriaren 13an, eta txapelketan debutatzen duen Bakaikoak, aldiz, final-zortzirenetan ekingo dio kaiolari, urriaren 5ean Erik Jakaren kontra Etxarri Aranatzen jokatuko duen partidan

Atzo aurkeztu zuten 2019ko Lau T’erdiko Txapelketa, Bilbon. Aurreko koadroetako txapelketa urriaren 4an hasiko da, eta, dena ongi, finala azaroaren 17an jokatuko da Iruñeko Nafarroa Arenan. Joseba Ezkurdia da egungo txapelduna eta bere bigarren txapela litzatekeena lortzen saiatuko da arbizuarra, baina konpetentzia oso estu eta gaztea izango du. 

Izan ere, Lau T’erdian parte hartuko duten 12 pilotarien adinaren batez bestekoa 25,41 urtekoa da. Plantila gaztea, beraz, beteranoak ez direla ariko erakusten duena. Izan ere, Aimar Olaizolaren eta Julen Retegiren falta nabari da. Parte hartuko duten 12 pilotarietatik 8 urriaren 4a eta 7a bitartean jokatuko diren final-zortzirenetan sartuko dira: Irribarria, Victor, Bakaikoa, Jaka, Elezkano II.a, Laso, Artola eta Peio Etxeberria. Eta fase honetako irabazleek, Altuna III.a, Urrutikoetxea, Ezkurdia eta Bengoetxea VI.a izanen dituzte zain final-laurdenetako ligaxkan. Pilotari gazteena Peio Etxeberria da, 21 urterekin, eta edadetuena Oinatz Bengoetxea, 35 urterekin. 

Ezkurdia, egungo txapelduna, eta Bakaikoa, debutantea
Bi dira kaiolan ariko diren sakandarrak: iazko txapeldun Joseba Ezkurdia eta aurten txapelketan debutatuko duen Joanes Bakaikoa etxarriarra. Joanes Bakaikoak urriaren 5ean jokatuko du, Etxarri Aranazko ferietan, Jakaren kontra. A multzoko beste partidan, Irribarriak Victor izanen du aurkari urriaren 4an Zallan jokatuko den norgehiagokan. Eta bi partidetako irabazleek Altuna III.a eta Urrutikoetxea izanen dituzte zain final-laurdenetako ligaxkarako. B multzoan, urriaren 7an Tolosan jokatuko diren partidetan, Elezkano II.a Lasoren kontra ariko da eta Artola Peio Etxeberriaren kontra. Bi irabazleek Ezkurdia eta Bengoetxea VI.a izanen dituzte zain final-laurdenetako ligaxkan. Multzo bakoitzeko bi pilotari onenak azaroaren 2an eta 3an jokatuko diren finalerdietarako sailkatuko dira, eta finalerdietako bi irabazleek final handia azaroaren 17an jokatuko dute, Iruñeko Nafarroa Arenan. 

Ezkurdia, ilusioarekin
Joseba Ezkurdiak oraindik gogoan du iaz Nafarroa Arenan Altunaren kontra irabazitako Lau T’erdiko txapela. “Iazko txapelketa oso polita izan zen niretzat, mugarria, baina nire ilusioa ez da aldatu. Hiru aste daramatzat lau eta erdikoa prestatzeko lan fisiko berezia egiten” azaldu zuen egungo txapeldunak. Onartu zuen ere uda ez dela berak nahiko lukeen bezalakoa, baina irailean partida asko dituela eta “ea erritmoa har dezakedan”.  

Bakaikoa: “Iaz Bigarren Mailakoa irabazi nuenetik izan dut buruan lehen mailakoa”
Joanes Bakaikoa etxarriarrak lehen mailako Lau T’erdian debutatuko du, jaioterrian gainera, urriaren 5ean, ferietan murgilduta egonen den Etxarri Aranatzen. Jakina, oso pozik dago 22 urte dituen Baiko enpresako aurrelari etxarriarra. “Iaz Bigarren Mailakoa irabazi nuenetik izan dut buruan Lehen Mailakoa. Ilusio handia egiten dit pilotari onenen artean egoteak. Denek asko jokatzen dute, baina nirea egiten badut, uste dut lehiatzeko moduan egongo naizela” azaldu zuen aurkezpenean Bakaikoak.