Aspaldi sortu ziren Bierrik Elkartea, eta horren baitan Guaixe eta Beleixe. Garai hartan Euskara Elkarte eta Tokiko Komunikabide ugari sortu ziren euskararen zabalkundean eta normalizazioan hutsunea bete nahian. Komunikabide horien zeregina euskal hiztunok gertuko informazioa euskaraz jasotzeko modua eskaintzea da, eta bidenabar, hiztunok (asko urte haietan gaztelaniaz eskolatuak) euskaraz irakurtzeko eta entzuteko erraztasuna hartzea. Horren kontura, garai hartan, Sakanan herriko hizkeran edo batuan idatzi behar ote zen erabakiak hautsak harrotu zituen eta erabakirik zentzuzkoena hartu zela iruditzen zait.
Bestalde, Euskara elkarteen zeregina ere bazen euskal hiztunak batzea, euskaldunon arnasguneak sortzea eta jarrerak aktibatzea. Hortxe ditugu, Altsasuko Kima, Irurtzungo Aizpea, Etxarriko Ziriketzen... edota gainerako herri gehienetan Udaletako Euskara Batzordeen inguruan sortutako taldeak. Talde horien ibilbidea ez da makala izan eta txalotzeko moduko ekimenak bultzatu dituzte. Hala ere, muinera iristea ez dela lortu esanen nuke, alegia, nola lortu hiztunak batzea eta denok sintonia berean egotea. Gizarte zientzien ikuspegitik prozesu zaila da hori, azken finean, norberaren gertuko komunitatean (familia, lagunak, aldamenak, herrikideak...) eta norberaren jarreren gainean eragitea eskatzen duelako. Geroz, badugu erronka, nola eta nondik eginen dugun bidea zehazten puntu batetik bestera iristeko.
Goitik buru, lagunok!!!