1924ko Genevako Adierazpenaren arabera, Haurren eskubideak dekalogo honetan biltzen dira:
1. Berdintasunerako eskubidea, arraza, erlijioa edo nazionalitatea kontuan hartu gabe.
2. Babes berezia jasotzeko eskubidea, fisikoki, mentalki eta sozialki osasuntsu eta libre haz daitezen.
3. Izen bat eta nazionalitate bat izateko eskubidea.
4. Elikadura, etxebizitza eta osasun-arreta egokia izateko eskubidea.
5. Urritu fisiko edo psikikoek hezkuntza eta arreta bereziak jasotzeko eskubidea.
6. Familiak eta gizarteak maitatua eta ulertua izateko eskubidea.
7. Doako hezkuntza baterako eskubidea. Ongi pasatzeko eta jolasteko eskubidea.
8. Arrisku-egoeratan arreta eta laguntza jasotzen lehenak izateko eskubidea.
9. Abandonatua eta lanean esplotatua ez izateko eskubidea.
10. Munduko pertsona guztien arteko elkartasuna, adiskidetasuna eta justizia sustatzen duen hezkuntza jasotzeko eskubidea.
Dekalogoa irakurrita, nor ager daiteke kontra? Oinarrizko eta logikazko dekalogoa dirudi bere horretan. Gizakiaren paradoxek eta kontraesanek, ordea, zurrumurruen inguruko hausnarketara garamatza ezinbestean. Bai, haurrei berez dagozkien giza eskubideekin talka egiten duten zurrumurru baztertzaileak: “ikasle etorkinek hezkuntza maila jaisten dute”, “zerbitzuak haientzako dira”, “ ez dira gurera egokitzen”… Ohartzen al gara haur bakar baten (berdin da jatorria) eskubidea urratzen denean, haur guztien unibertsaltasuna kolokan jartzen dela? Haurren jatorria edozein delarik?
Zergatik jartzen dugu halako indarra jatorrian? Eskubideak unibertsalak badira…GUZTIONTZAK dira! Prest al gaude haurren eskubideak gureganatu eta haien defentsa sutsuan aritzeko? Galde diezaiogun gure buruari: lehen eta bigarren mailako haurrak, gizakiak nahi ditugu gurean? Ala guztiontzat eskubideak bermatzen dituen gizartea?