Txirrindularitza

Igor Arrieta 49.a sailkatu zen junior mailako Mundialetako lasterketan

Guaixe 2019ko ira. 27a, 09:57

Elite mailan, Erbitik eta Izagirrek Munduko Txapelketako eliteen lasterketa igandean jokatuko dute, 9:40tik aurrera. 285 km-ko lasterketa izanen da eta Valverde atzera ere txapeldun izateko lana egingo dute 

Atzo, ostegun arratsaldean, junior mailako errepideko lasterketa jokatu zen Mundialetan. Espainiako Junior Mailako selekzioarekin aritu zen Igor Arrieta txirrindulari uhartearra (Sakana Group-Aralar). Arrietak Carlos Rodriguez, Juan Ayuso, Raul Garcia eta Fernando Tercero izan zituen taldekide, eta Francisco Javier Cerezo selekzionatzailearen aginduetara ibili ziren.
Atzo jokatu zuten lasterketa, Richmond eta Harrogate artean 148 km gogor osatu behar izan zituen Lehen 100 kilometroetan, zenbait igoera motz baina gogor zituzten txirrindulariek, Kidstones Bank eta Summerscales tartean. Eta, bukaeran, erlojupeko probarako prestatutako zirkuituari 3 itzuli egin behar izan zizkioten. 

Kidstones Bank portugo igoeran apurtu zen lasterketa. Txirrindulari estatubatuarrek, Quinn Simmons eta Magnus Sheffield tartean, erritmoa bizkortu zuten eta taldetxo batek egin zuen aurrera. Igor Arrieta, Raul Garcia eta Carlos Rodriguez taldekideak ongi kokatzeko lana egin eta gero, atzean geratu zen, eta Garciak eta Rodriguezek aurrera egin zuten.

Helmugarako 33 kilometroren faltan Simmonsek eraso egin zuen eta bakarrik egin zuen aurrera; atzetik, 25 txirrindulariz osatutako taldeak jarraitzen zion. Espainiako selekzioko Raul Garciak lasterketa utzi behar izan zuen 17 kilometroren faltan, Rodriguezen eta Ayusoren aldeko lan bikaina egin eta gero; aurrerago, Simmons jarraitzen zegoen taldetxoan zebilen Juan Ayusok erorikoa izan zuen eta ezin izan zuen proba bukatu. Azkenean, Quinn Simmons izan zen azkarrena eta urrezko domina merezimendu osoz jantzi zuena. Martinelli italiarrak zilarrezko domina lortu zuen eta Magnus Sheffield estatubatuarrak brontzezkoa. Espainiako selekzioko Carlos Rodriguez 24.a sailkatu zen eta Igor Arrieta 49.a, 16:49ra. 


Erbiti eta Izagirre, Valverde laguntzera
Egunotan Alacanten kontzentratuta egon da Espainiako elite mailako txirrindularitza selekzioa, Ingalaterrako Yorkshire konderrian jokatzen ari den Munduko Txirrindularitza Txapelketak behar bezala prestatzeko. Pascual Momparler selekzionatzailearen esanetara aritu da bederatzikotea, baina dagoeneko Yokshiren daude. Tartean bi sakandar daude, Hiriberriko Imanol Erbiti (Movistar Team) eta Ziordian bizi den Gorka Izagirre (Astana). 

Printzipioz, helburua egungo munduko txapeldun Alejandro Valverderen (Movistar Team) alde lana egitea da. Iaz Mundiala irabazi zuen Valverdek Insbrucken, eta aurten, 39 urterekin, atzera ere ortzadarra duen maillota jantzi nahi du. Aipatu bi sakandar eta Valverdez gain, ondoko txirrindulariek osatuko dute Espainiako selekzioa: Jose Joaquin Rojas (Movistar), Marc Soler (Movistar), Ion Izagirre (Astana), Luis Leon Sanchez (Astana), Jonathan Castroviejo (Ineos) eta Ivan Garcia Cortina (Bahrain-Merida). Igandean, goizeko 9:40ean abiatuko den 285 km-ko lasterketa gogorra dute aurretik. Egunotan euria izan da Yorkshiren, eguraldi nahiko petrala, lasterketak goitik behera baldintzatu dituenak, eta iganderako ere eguraldi nahasia iragartzen dute, euriarekin. Beraz, zailtasun horri aurre egin beharko diote txirrindulariek. 

Philippe Gilbert, Greg Van Avermaet, Remco Evenepoel, Mathieu van der Poel, Julian Alaphilippe, Michael Matthews, Matteo Trentin, Alexander Kristoff eta Peter Sagan izango dira arerio nagusienak.