Pilota

Ezkurdia San Mateotako finaletik kanpo

Guaixe 2019ko ira. 27a, 10:19

Olaizolak eta Rezustak 22 eta 10 irabazi zieten atzo Ezkurdiari eta Aretxabaletari eta igandeko finalerako sailkatu ziren. Gaur Bengoetxeak eta Martijak Altuna eta Imaz izango dituzte aurkari eta bertatik aterako da beste finalista

Joseba Ezkurdia ez da Logroñoko San Mateotako final handian egongo, atzoko partida galdu eta gero. Ezkurdiak eta Aretxabaletak Olaizola eta Rezusta izan zituzten aurkari, jokoan asko zuen partidan. Hasieratik aurreratu ziren Olaizola eta Rezusta, baina 7 eta 7ra arte, ongi eutsi zuten Ezkurdiak eta Aretxabaletak. Baina hor hasi zen Olaizolaren eta Rezustaren festa eta Ezkurdiaren eta Aretxabaletaren zorigaiztoa. Ezker gantxoarekin min asko egin zuen Olaizolak, eta atzeko koadroetan sendo zebilen Rezusta; Ezkurdiak eta Aretxabaletak defentsa lan itzela egin zuten, baina erasorako apenas tartetik ez, eta ezin izan zioten ekaitzari aurre egin. Azkenean, 22 eta 10 gailendu ziren Olaizola eta Rezusta, eta beraiek izango dira San Mateoetako lehen finalistak. 

Beste multzoan, B multzoan, gaur erabakiko da nor den beste finalista. 19:15etik aurrera Adarragan jokatuko den jaialdian Altunaren eta Imazen kontra lehiatuko dira Bengoetxea VI.a eta Martija (ETB1), eta irabazlea igandeko finalerako sailkatuko da. Ea Martijak aurrera egiten duen.