Nafarroako Gobernuak herrialdeko zazpi industrialderi bultzada emateko erabakia hartu zuen asteazkeneko bileran. Foru exekutiboak baimena eman zion Sodena (Nafarroako Garapenerako Sozietatea) sozietate publikoari Nasuvinsari 6,5 milioi euroko mailegua eman diezaion industrialde horiek finantzatzeko. Horien artean dago Arakilgo industrialdea eta Irurtzungoa. Manu Aierdi Olaizola Ekonomia eta Enpresa Garapen kontseilariak jakinarazi duenez, horri esker hiru enpresa ezarriko dira.
Arakilgo industrialde berriko lanak hasi berri dira. Nasuvinsak hura garatzeko 4,1 milioi euro bideratu ditu. 115.000 metro karratu izanen ditu. Haietatik 100.000 metro koadro oloaren produktu deribatuak ekoitzi eta merkaturatzen dituen Rural Kutxaren eta Artajona kooperatibaren Harivenasa enpresarendako izanen dira. Gainerako 15.000 metro koadroak muntaketan eta banaketan diharduen enpresa batendako izanen dira. Bestetik, Aierdik aurreratu zuenez, Nasuvinsak 3.500 metro koadroko nabea eraikiko du Irurtzunen 2020ko abenduan. Irurtzunen instalatu nahian dabilen enpresaren bati alokatuko diote.
Kontseilariak aurreratu zuenez, “esku-hartze horiek Nasuvinsaren jarduketa industrialen planaren lehen faseari dagozkio. Bigarren fasean, besteak beste, Arakilgo industrialdean zoru gehiago garatzea izanen du helburu”.
Zazpi egitasmoak garatzeko, guztira, 15,2 milioiko inbertsioa eginen du Nasuvinsak, horrela finantzatuko direnak: 6,5 milioi euro gaur Gobernuak Sodenari baimendutako Nasuvinsaren mesedeko kredituari dagozkio (abuztuan Sodenaren administrazio kontseiluak onartu zuen); 3,5 milioi euro enpresa publikoak biltzen dituen Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak (CPEN) emandakoa da, eta beste 5 milioi euro Nasuvinsak berak ordaindutakoa.