Klimaren aldeko greba deitu dute gaurko

Guaixe 2019ko ira. 27a, 11:07
Sakanako ikuspegia Ergako mendizaleen buzoitik.

Klima larrialdiaren aurrean gobernuei neurri eraginkorrak exijitu nahi zaie. Erantzun “azkar eta sendoa” ematea eskatuko zaie erakundeei. Antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

Klimaren Aldeko Mundu Greba antolatu da gaurko. Makina bat erakundek bat egin dute deialdiarekin. Grebaren deitzaileen iritziz, “gizateriak aurrean duen erronka nagusia klima-krisia da.  Horregatik, arazoaren tamainako erantzuna emateko manifestazioak, ikasle grebak, kontsumo-grebak, lantokien itxierak mobilizazioak, lantokietan eta kaleetan kontzentrazioak eta beste antolatu dira gaurko. Ekimen horiekin grebaren deitzaileek azaldu nahi dute “klima krisiaren alternatibak ekonomia sistemaren ardatz bihurtu behar dute, planetaren mugen barruan”. 

Mobilizazioen deitzaileen iritziz “klima krisia erauzketa ekoizpen ereduaren ondorio zuzena da, nagusiki erregai fosilen erabileran  eta kontsumo globalean oinarritzen dena. Horrek gizateriaren eta  espezie eta ekosistema ugariren biziraupena arriskuan jartzen du, eta behartsuenak eta zaurgarrienak eragin berezia sumatzen dute”. Salatu dutenez, eredu horrek “gero eta presio gehiago egiten du, gero eta globalizatuago dago. Hirugarren lurraldeetan lan, ingurumen eta gizarte eskubide gutxiagorekin edo batere gabe egindako produktuak, eta nekazaritzako eredu gero eta industrialagoa ekonomia, ingurumen eta gizarte arazoa da”. 

Horrek guztiak tokiko denda eta ekoizle txikiei eragiten diela gaztigatu dute. “Merkataritza eremuen gero eta kontzentrazio handiagoak, hiriguneen turistifikazioak edo espekulazioak kanporatu egiten ditu. Ondorioz, karbono aztarna handitu egiten da”. Horregatik, gaurko grebarekin proiektu kooperatiboak, sozialak eta nekazaritza-ekologikokoak aldarrikatuko dituzte. “Horiek gure beharrak asetzeko lehentasuna izan behar dute. Sistema global batetik tokikoa eta jasangarria den batera aldatzeko erakunde eta lege babesa aldarrikatu behar dira”.