Txirrindularitza

Bizikletan Sakana ezagutzeko gonbita igandean

Guaixe 2019ko ira. 27a, 14:04

Sakanako Mankomunitateak XXVI. Sakanako Bizikleta Eguna antolatu du igandean. Goizeko 9:00etan abiatuko da Ziorditik, Ergoienara igo eta Lizarragan atsedenaldia egingo da, eta Uharte Arakilen despedituko da bizikleta festa. Eguraldia lagun, parte-hartze handia espero da

Udazkenari ongi etorria emateko klasikoa bilakatu da Sakanako Bizikleta Eguna. Igandean izanen da aurtengo edizioa, 26.a dagoeneko, Ziorditik goizeko 9:00etan abiatuta. Aurten Ergoienara igoko da, Lizarragan hamaiketakoa egiteko, eta, ondoren, Arbizutik jaitsi eta San Migel festetan murgilduta egonen den Uharte Arakilen despedituko da, 13:00ak pasa, gutxi gorabehera 39 km osatu eta gero. 

Astelehenean aurkeztu zuten Sakanako Bizikleta Eguna Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak eta Burunda txirrindularitza taldeko Joxean Begiristainek. Lehen hitzak esker onekoak izan ziren. Izan ere, Sakanako Bizikleta Eguna antolatzeko Burunda, Aralar eta Barranka Txirrindulari taldeen ezinbesteko laguntza du Mankomunitateak; Berri Bikes taldeko Joaquin Beltran de Herediaren mekanikariaren laguntza; eta Aitor Mendozarena, ibilbidea isteko. Gerrikagoitiak bihotzez eskaini zien eguna aurrera ateratzeko egiten duten lana. Bestalde, Ziordiko, Ergoienako eta Uharte Arakilgo Udalen babesa du aurtengo Sakanako Bizikleta Egunak. 

Goiza ederra pasatzea, Sakana ezagutaraztea eta harremanak sustatzea 
Sakanako Bizikleta Egunaren helburuak anitzak dira. Batetik, bizikletarekin eta ibilbide ez lehiakorrean goiz atsegina pasatzea. “Erronka da Ziordian hasi, Ergoiena gurutzatu eta Uharte Arakilera iristea. Zailtasunaren aldetik maila ertaina du ibilbideak. Lasai goaz, bidean sartu-irteerak egiten dituztenekin elkartzen” nabarmendu zuen Gerrikagoitiak. Bestetik, Sakanako herriak eta leku ederrak ezagutzera eman nahi dira. Eta Sakanako herri ezberdinetako bizilagunak elkar ezagutzea eta adin ezberdineko pertsonen arteko harremana bulkatzea lortu nahi da. “Eskualdetik kanpokoei ere zabaldu nahi diegu eguna; Iruñaldetik eta Lizarraldetik ere partaideak badatoz” gehitu zuen Gerrikagoitiak.  

Aurreko urteko partaidetza espero da, 400 pertsona inguru
Iganderako egun ederra iragartzen dute. Bizikleta Egunean parte-hartzeko izena ematea derrigorrezkoa da, Mank-ek asegurua kontratatu ahal izateko. “Aurretik izena eman behar da, asegururako, autobusa erabili hala ez” azpimarratu nahi izan zuen Gerrikagoitiak. 10 urteko gorakoak bakarrik joan daitezke, baina txikiagoek helduez lagunduta egin beharko dute bidea. Aurreko urteko parte-hartzea aurreikusten da, gutxi gorabehera 400 pertsonakoa. 

Atsedenaldia Lizarragan
Lizarragan egingo dute atsedenaldia, hamaiketakoa hartzeko. “Gutxi gorabehera 11:30ak inguruan helduko gara, eta frontoi ondoan geratuko gara hamaiketakoa hartzera. Norberak eman behar du ogitartekoa, antolakuntzatik freskagarria banatuko dugu. Eta kontuan izan behar da ere Lizarragan Bargazpi taberna dagoela zabalik, norbaitek mokadutxoren bat hartu nahi badu” adierazi zuen kirol teknikariak. 
Ibilbide gehiena bideberritik izango da. “Pistetan bitan sartuko gara, Ziordia eta Olazti bitartean, eta Lakuntza eta Arruazu artean, gasolindegi atzetik dagoen bide horretatik” aipatu zuen Gerrikagoitiak. Lizarragatik Arbizuraino jaitsiko dira, eguna Uharte Arakilen despeditzeko. “Uharte Arakilgo festak direnez, frontoi parean bukatuko dugu. Bertan egongo da autobusa, buelta egiteko” gaineratu zuen. 

Zehaztutako ibilbidea jarraitu
Ohikoa denez, bidea zabaltzen auto bat joango da –aurten Burunda klubekoa– ondoren bizikleta martxakoak, Barranka Txirrindularitza Taldeko kideek gidatuta, eta atzetik autobusa, bizikletak eramateko kamioia, Barranka taldeko furgoneta eta bidea isten duen ibilgailua, erratz-auto lanetan. Foruzaingoak ere segurtasuna zainduko du. Kaskoa ematea derrigorrezkoa da, eta garrantzitsuena antolakuntzak zehaztutako ibilbidea jarraitzea da, segurtasuna bermatzeko. 

Bizikleta puntuan jartzeko deia
Iganderako bizikleta doitu eta puntuan jartzeko deia egin dute. “Mekanikariak soilik ezustekoak konponduko ditu, zulaketak eta antzekoak” nabarmendu zuten. Eta, azkenik, Sakanako Bizikleta Egunari herrietan harrera beroa egiteko deia egin zuten. “Egunean parte hartzeak merezi du; toki ederretatik pasako gara eta egun oso polita da”. 

Autobusa
Autobusa eta kamioia goizeko 7:45ean abiatuko dira Irurtzundik eta Sakanako herrietan geldialdiak eginen dituzte, partaideak jasotzeko. Proba bukatuta, txirrindulariak etxera joango dira autobusez.