Pentsio publikoez udaletan

Guaixe 2019ko urr. 2a, 10:55
Altsasuko udaletxe parean astelehenero 12:00etan kontzentratzen dira pentsio duinen alde.

Mozioak aurkeztu dituzte eskatuz: "gure aldarrikapenendako aurrekontu partidak sortzea, legez blindatzea, etorkizunerako bermaturik gelditzeko".

Sakanako Pentsiodunen, Jubilatuen eta Adinduen Koordinakundeak Sakanako udal guztietan pentsio duinen aldeko mozioak aurkeztu dituzte. Euren iritziz, “bidezko” eskakizuna da, “eta eskaera hori betetzea oinarrizko konpromisoa izan beharko litzateke zuzena eta demokratikoa den edozein gizartearendako. Horregatik, koordinakundeak udalei euren eskaerak bere egiteko eskatu die. Lehenik, “pentsio publikoen banaketa ereduaren sistema defendatzea, baita pentsio publiko duin, bidezko eta nahikoak ere”. 

Aldi berean, “diru sarreren nahikotasuna bermatzeko, Europako Gizarte Gutunak ezarritako eskakizunak betetzea: 1.200 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta pentsioen balioa automatikoki eta behin betikoz handitzea, beti ere, bizi-kostuaren handitzearen arabera”. Lan erreformak eta 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformen alderdi atzerakoiak bertan behera uztea, prekarietatea handitzea ekarri baitute”. Eta, azkenik,  genero-arrakalarekin bukatzea, soldata, pentsio, lan-baldintza eta enpleguari dagokionez”.

Horrekin batera, koordinakundeak nahi du “mendekotasun-egoeran dauden pertsonek hura estaltzeko duten eskubidea legez bermatzea, horretarako aurrekontu publikoekin ordaindutako zerbitzu unibertsal eta publikoen sarea baliatuz”. Aldi berean, eskatu dute “adinduen eta jubilatuen bizi-baldintzak hobetzeko plan zehatz bat egitea, baita zerbitzu eta prestazioei buruzko informazio eta aholkularitza-zerbitzua ere”.  

Aitortza
Koordinakundeko kideek mozioan aitortu dutenez, "nekatuta gaude betetzen ez diren betiko promesak entzuteaz, eta haiek ekintzak bihurtzea eskatzen dugu. Gure aldarrikapenak behingoan erantzutea nahi dugu. Beharrezkoa da aurrekontu-partidak sortzea eta horiek legez blindatzea, guretako eta datozen belaunaldiendako bermaturik gera daitezen". 

Bestetik, gaineratu dutenez, "hauteskundeak egin dira eta gure mobilizazioei esker lortutako aurrerapenak finkatu gabe daude oraindik". Eta gaineratu dute, "lanaren ezegonkortasuna eta pentsioen jaitsiera dakarten erreformek indarrean segitzen  dute, eta pentsiodunok horien ondorioak pairatzen ditugu". Koordinakundekoek mozioaren bidez ziurtatu dutenez, "gure bizi-baldintzek nabarmen egin dute okerrera, eta gero eta gehiago dira bizi-baldintza kaskarrak dituzten adinekoak".