Sekula baina aniztasun politiko txikien duen batzordea du legegintzaldi honetan Sakanako Mankomunitateak. Zer iritzi horren inguruan?
EH Bildu, Geroa Bai eta independenteak gaude batzarrean. Hori izan zen hauteskundeen emaitza. Udal bakoitzak bere ordezkariak hautatzen ditu eta horrela suertatu da. Hor daude ordezkatuta herritarrek botoa ematen dieten siglak. Ez gehiago, ez gutxiago. Aurrekoarekin konparatuta kolore pixka bat galtzen da, egia da. Hori da herritarrek erabaki dutena.
Mank-en lan jardunaren iparra zein izanen da?
Bi urte daramatzat lehendakari, orain beste laurako aukeratu naute. Bi urtetan ematen dizu denbora gauza batzuetan ohartzeko, lurrartzeko. Gauzak perspektiba pixka batekin ikusteko. Batez ere daukaguna baloratzeko. Norberak bere etxean bere miseria txikiak ikusten ditu, bere arazoak, bere gauzak. Eta batzuetan fokua urrundu behar duzu benetan daukagunaz ohartzeko. Duela ia 35 urte sortu zen mankomunitatea. Behar baten, hondakinen inguruan sortu zen. Niri kontatu didatenaren arabera, hasierak ez ziren batere errazak izan. Nik uste horrek bere garaian erakutsiko zuela gauzak egiteko modu bat nahi zela, edo asmoa zegoela. Duela sei hilabete sortu da azkeneko zerbitzu berria Sakanako herrien artean. Esan nahi dudana da 35 urtetako ibilbidea oso luzea, oso emankorra eta gauzak egiteko modu bat erakusten dutena. 35 urte hauetan hondakinak, ura, euskara, kirolak, etxebizitzak zaharberritzeko bulegoa, garapen agentzia, kulturartekotasuna eta berdintasuna dauzkagu. 15 udalerrik erabakitzea zerbitzu horiek guztiak komunean jartzea eta partekatutako ibilbidea gauza horien guztien inguruan ez da oso ohikoa. Jendeak kanpotik hori ikusten duenean aintzat hartzen du. Askotan nik entzun izan dut, eta askotan kanpotik esan behar digute horretaz ohartarazteko, miresten dute hemen daukaguna. Guri tokatzen zaigu hori zaintzea, hori elikatzen segitzea eta estimatzea.
Mank-en plan estrategikoa egitekoak zineten. Zertan da?
Martxan dago. Barruko momentuan gaude. Plan estrategikoak egiteko garaian datuen bilketa, egoeraren azterketa, barruko azterketa egin behar da. Baina plan estrategikoak ez du barrurako gauza bat izan nahi. Nahi duguna da konpartitutako bide-orri bat markatzea datozen urteetarako. Nik irudikatzen dudana ez da bakarrik mankomunitaterako plan estrategikoa. Plan estrategikoan, beste gauzen artean, erantzun beharko diogu zer ibar nahi dugun galderari. Ibarra egiten mankomunitateak oso paper garrantzitsua jokatu izan du azken urteetan. Eta segituko du. Horregatik, salto hori: zer mankomunitatea baino gehiago zer ibar nahi dugun da erantzun behar duguna. Hori modu konpartituan egin behar dugu. Nik hainbat artzain ikusten ditut: mankomunitatean lan egiten dugunok (teknikari, langile…), baina udalek jokatu behar dute ezinbesteko papera. Azken finean udalek erabaki zutelako bere garaian mankomunitatea sortzea. Baina Sakanako eragileek eta Sakanako herritarrek ere parte hartu beharko dute, nahi badugu argazkia osatua eta koloretsua ateratzea.
Tokiko Maparen berrantolaketak Sakana Eskualde bihurtzeko aukera ematen du. Zein asmo duzue?
Ez da gure erabakiz martxan jarriko den kontu bat izanen. Nafarroako Gobernuaren borondate politikoaren arabera izanen da. Nik esaten dudana da Sakana, berez, jada existitzen da. Martxan dagoen ibar edo eskualdea da. Tokiko Maparekin, edo gabe. Ez dago zalantzarik Tokiko Maparen berrantolaketarekin ibarrari Eskualde izaera emanen litzaiokela. Eta lagunduko liguke, nik uste. Baina bagaude, nik uste. Hori ere bada zerbaiten eragina. Lehen aipatutakoaren eragina. Sakanak krisia gordinki sufritu zuen. Sakana ez zen gelditu eta Iruñetik, Madrildik edo Bruselatik ekartzen zizkiguten enpresak edo diruak-edo. Sakanan erabaki zen garapen agentzia martxan jartzea, adibidez. Sakanan bizi eta lan leloaren inguruan bildu zen jendea, eta horri erantzun bat eman zitzaion. Honekin nik parekotasun bat eginen nuke: Sakanak erabaki zuen aspaldi Sakana existitzen zela eta artikulatu behar zela. Iruñetik horretan lagungarri diren erabakiak hartzen badira, perfektu.
Euskara Zerbitzuan zein da helburua?
Aspaldi martxan jarrita dago. Aurrekontu dezentea du. Eta lan ikaragarria egiten ari da euskararen inguruan, ekimen asko martxan ditu. Ez dut irudikatzen aldaketa handiegirik.
Ur zerbitzua. Urdalurko ur sarea Irurtzunera luzatzeko asmoa aspaldikoa da. Zertan da?
Datorren urterako aurreikusten dugu Satrustegi eta Etxarren arteko goi-hornidurako hoditeria jartzea. Irurtzunerako bide hori bukatzeko helburuarekin heldu den urtean beste pausotxo bat emanen dugu.
Ur zerbitzuan zein asmo gehiago legegintzaldi berrirako?
Erregistratu gabeko ura arazo orokorra da. Ez da bakarrik gurean ematen den fenomenoa. Baina alde handia dago biltegietatik ateratzen den uraren eta fakturatzen denaren artean. Agian garrantzia handirik eman ez zaion gauza bat da, ura badagoelako, soberan. Edo pentsamendu horrekin. Baina nik uste dut ardurazko gauza bat dela. Eta horri eman behar diogu. Obrak egiten ditugunean, saneamendu eta hornidura sareak berritzean, nabaria da hobekuntza. Sarea zaharra dago eta pitteka-pitteka berritzen joan beharko da. Baina hor foku inportante bat jarri behar dugu.
Hondakin zerbitzuan hainbat lan aurreikusi ziren aurreko legegintzaldian: konpost planta hondakindegian, garbiguneak Altsasun eta Ziordian, transferentzia kai gunea ixtea… Zertan dira?
Hondakindegiko obra, duela hamar urte bueltaka ibili dena, behingoagatik esan dezakegu bukatuta dagoela. Zelda berrian isurtzen ari gara urte hasieratik. Hori kasik ospatzeko moduko kontua izan da. Transferentzia gunean ere obra bukatuta dago. Garbiguneena esleitzeko momentuan gaude. Eta konpost plantarekin gauza bera. Heldu den urterako aurreikusten diren obrak dira.
Sakanan hondakinen birziklatzea handitzeko Irurtzunen eta Altsasun eragin behar da. Zein asmo? Gainontzeko herrietarako?
Egin dugunaren balioa aitortzea tokatzen zaigu: Nafarroako Hondakinen Legeak 2020rako jarri zituen helburuak betetzen dituen mankomunitate bakarra Sakana da momentu honetan. Erraz, gainera. Beste mankomunitateak urruti, oso urruti daude legea eskatzen duena betetzetik. Hori zerbaitengatik izan da ere. Erabaki batzuengatik. Eta, batez ere, herritarren inplikazioarengatik. Herritar asko gauzak oso ongi egiten ari dira Sakanan. Hori aitortu behar da. Egia da herriak eta herriak daudela. Irurtzunek eta Altsasuk maila baxuagoak dituzte. Altsasun bosgarren edukiontziari buelta bat eman behar zaio. Datuak hobetu ditugu. Baina ez nahi adina. Ez gaude legeak eskatzen duen maila horretan. Irurtzunen beste modu batez egin zen, auto eta auzo-konpostagailuen bidez. Horrek ere emaitza oso onak eman ditu, baina hobetzen segitu behar dugu.
Hasieran jarritako auzo-konpostagailu batzuen egoera ez da hoberena.
Nik bi urte hauetan aukera izan dut beste mankomunitateetako lehendakariekin eta teknikariekin, Nafarroako Hondakin Partzuergoaren inguruan mugitzen den jende guztiarekin egoteko. Azkenean konturatzen zara zaborrak usain txarra daukala toki guztietan. Esanen nuke administrazio publikoendako gairik konplikatuenetako bat dela, kudeatzeko zailena. Hor gauza asko nahasten dira: inbertsioak egiteko beharra, baina egoera ekonomikoak batzuetan ez dizu laguntzen… Bai, badakigu arazoak ditugula. Lehen urarekin aipatu dudana, ez dira esklusiboak, gureak bakarrik. Saiatzen gara egunerokoa ahalik eta hobekien kudeatzen. Eta horretan gaude. Egia da mankomunitatea aipatzen dugunean, jende gehienari galdetzen badiogu zer den mankomunitatea mundu guztiak hondakinak esanen dizula. Baina beste dena ez da horren beste ikusten. Askoz ere atseginagoa da, “saltzeko” oso produktu polita daukagu.
Kirol Zerbitzuari begira zein asmo dituzue?
Aspaldi martxan jarritako beste zerbitzu bat. Onespen erabatekoa daukana erabiltzaileen artean. Igandean ikusiko dugu bizikleta martxarekin. Ekimen ikusgarrienetako bat da. Kirola da zerbitzu bizi bat, erabiltzaileen edo eskaintzaren arabera asko aldatzen, garatzen dena. Kirol-orientazio zerbitzua martxan jartzeko asmoa dugu. Ea astroak lerrokatzen diren eta beste zerbitzu bat eskaintzeko aukera dugun.
Anitzartean kultur artekotasun zerbitzuaren helburuak dira?
Erabat egonkortuta, ibilbide polita egiten ari da eta ekimen ederrak aurrera ateratzen dituena. Betiko sakandarrak eta sakandar berriak, ni neu barne, biltzen dituena. Itzulpen zerbitzua eskaintzen duena duela urte batzuetatik hona.
Sortu den azken zerbitzua Berdintasuna da, zein asmo?
Tamalez, gero eta beharrezkoagoa. Edo zorionez ohartu gara horren beharraz. Udan agerian jarri da. Komunikazio-kanpainarekin hemen gaude esan du. Hemendik aurrera Berdintasun Plana, Jarain aplikazioa…
Sakanako Garapen Agentziako buru ere bazara. Zer da buruan duzuena?
Garapen agentziak saio oso baterako emanen luke. Kasik dena hartzen du: industria, energia, turismoa, elikadura, komertzioa, hezkuntza, digitalizazioa… dena. Erabat toki dinamikoa da. Ezagutu bitartean sumatzen duzu. Baina benetan barrutik ezagutzen duzu eta, benetan, ikaragarria da. Tresna oso indartsua, oso baliagarria izaten ari dena. Kontaktua daukan jendeak, bere atea jotzen duenak edo askotan haiek dira ateak jotzera joaten direnak gauzak proposatzera. Nik uste dut oso nota altua duela. Aspaldi honetan kanpoko jendearekin bilerak egiteko aukera izan dut. Asteartean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gomez Lopezekin bilduta egon ginen eta esan zigun: “susmoa neukan nire lehenbiziko horrelako bilera Sakanan izan behar nuela. Entzundakoaren arabera, garapen agentziak plus bat dauka Nafarroako beste toki batzuetan aurki dezakezunarekin”. Bilera bukatu ondoren esan zigun: “benetan hau da igual beste tokietan egin beharko litzatekeen zerbait, adibidea”. Adibide hori Sakanak erabaki zuelako martxan jartzea, eta hori dugu, ezinbesteko tresna egun.
Garapen agentziaren Plan Estrategikoa 2014-2020 aldirako da. Segida izanen du?
Izan beharko luke. Joan den urtean geldialditxo bat egin genuen, bidaiaren erdian edo gutxi gorabehera, jakiteko non ginen, zer eskari berri edo zer aukera berri zeuden. Adibide bat jartzeagatik: Sakanako Plan Estrategikoa 2014an martxan jarri zenean digitalizazioa, nik uste terminoa asmatu berri zela. Egun enpresek duten behar handienetako bat da. Dinabide Irurtzunen martxan jarriko da berehala. Ikusteko zer dinamismo duen garapen agentziak, zer beharrezkoa den. Joan den urtean hausnartzera gelditu ginenean 2020 + esaten genuen. Plus hori luzea izanen dela pentsatzen dut.
Mankomunitatearen osasuna ona da, ezta?
Zalantzarik gabe. Tresna indartsua dugu. Gure erabakiz, sakandarron erabakiz. Balioa aitortu eta bere potentzial osoa baliatu, hori tokatzen zaigu. Ez zaigu iruditzen baina, benetan, adibide gara.