Txirrindularitza

Izagirre: “Mundiala oso gogorra izan da”

Guaixe 2019ko ira. 30a, 12:44

Valverderen garaipenaren alde lan egin zuten Izagirrek eta Erbitik, baina murtziarra erretiratu zen. Gorka Izagirre txapeldunen taldean sartzear egon zen eta 9.a sailkatu zen, eta Imanol Erbiti 44.a izan zen

Hotza eta euria. Euri jasa ederra jasan behar izan zuten atzo Munduko Txirrindularitza Txapelketako lasterketan parte hartu zuten txirrindulariek. Izan ere, euriak zeharo baldintzatu ditu aurtengo Txirrindularitza Mundialak. Atzo eliteen errepideko lasterketa jokatu zen, euriak are gogorragoak bilakatutakoa. Hasiera batean 285 km-ko lasterketa izan behar zen, baina euri alertak zirela eta, antolakuntzak ibilbidea 261 kilometrora laburtu zuen. Euri jasak etengabeak izan ziren, eta irudi ikusgarriak ikusgarriak dira. 

Espainiako selekzioarekin aritu ziren Imanol Erbiti (Movistar Team) eta Gorka Izagirre (Astana). Hiriberrikoak eta Ziordiko bizilagunak Alejandro Valverde atzera ere munduko txapeldun izaten laguntzeko lana zuten. Liderraren alde lan egin zuten sakandarrek eta selekzioko gainontzeko kideek, baina Valverdek hotzari eta euriari ezin izan zion behar bezala aurre egin eta murtziarra erretiratu egin zen. Lasterketan etengabeko erasoak izan ziren. Tartean Roglic, Carapaz eta Quintana ihes eginda egon ziren, baina neutralizatu zituzten. Azkenean, taldetxo batek egin zuen aurrera. Bertan zeuden, Craddock, Küng, Pedersen, Teunissen eta Moscon. Atzetik erasoa jota, Mathieeu van der Poel eta Matteo Trentinek egin zuten bat eurekin. Beranduago Gorka Izagirre, Skujins eta Betancurrek egin zuten salto, eta aurreko taldea harrapatzekotan egon ziren. Van der Poel indarrik gabe geratu zen eta gainontzekoen artean jokatu zen garaipena. Mads Pedersen danimarkarra izan zen Munduko Txapelduna, Trentin italiarrarekin eta Küng suitzarrarekin esprinta izan eta gero. Gorka Izagirre 9.a sartu zen, 1:10era. Meritu handia Izagirrerena. Imanol Erbitik ere proba despeditzea lortu zuen; 44.a sartu zen, 14:58ra. 

Izagirre: “Oso gogorra izan da, eta kontentu nago emaitzarekin”
Mundialeko lasterketa latza izan zela, inork ez du zalantzan jartzen. “Oso gogorra izan da, eta hor ibili gara. Kontentu nago emaitzarekin, inoiz ez naiz Mundial batean horren aurrean egon, baina, bestalde, pena pixka bat ere badut. Izan ere lasterketako une batean, helmugara lehena iritsi den taldean sartzeko aukera izan dut, baina une horretan ezin izan dut. Gero indarrak berreskuratu ditut eta ongi esprintatzeko indarra izan dut, baina pena hori geratu zait, mozketa onean sartzear geratu naizelako” aipatu zuen helmugan Gorka Izagirrek.