Aralar, hitzordu seinalatua

Guaixe 2019ko ira. 30a, 15:13
Fededunak Aralarko aingerua gurtzen. Argazkia: Nerea Mazkiaran Zelaia.

Makina bat jendek bat egin zuen San Migel egunez Aralarko santutegian. Debozioari eta ohiturari, igandea izateak eta eguraldi bikainak horretan lagundu zuten

Mendiaren inguruko ibarretatik eta Euskal Herriko hiriburuetatik joandako jendea elkartu zen atzo Aralarko santutegian. Fededunak goizean-goizetik abiatu ziren santutegirantz. Goizean eta eguerdian lau meza izan ziren eta beste bi arratsaldean. Bakoitzaren akaberan Aralarko aingeruaren irudia gurtzera eskaini zuen Mikel Gartziandia apaizak. Hori santutegiaren irteera egin zuen, jendea erosoago ibiltzeko. 


Jende joan-etorri handia hartu zuen atzo santutegiak. NEREA MAZKIARAN ZELAIA

Elizkizunen aurretik, edo ondoren, asko izan ziren Goñiko Teodosiorenak omen ziren kateak hartu, haien azpitik hiru buelta eman eta ondoren musu eman zietenak. Hezurretako minen kontra. Jendea txanda iristeko zain egon zen. 


Auto ugari pilatu ziren santutegiaren inguruan.

Jendetza hurbildu zela baliatuta santutegiko arduradunek aukera baliatu zuten euren egitasmo baten berri emateko: Laguntzetxe eraikina zaharberritzea. Artaxoako Pedro gotzainak XII. mendean berrituta, egun oso egoera eskasean dago. Santutegiak jasotzen dituen erromesen pareko azpiegitura nahi dute bere arduradunek eta Laguntzetxean interpretazio zentroa, Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiarendako egoitza, liburutegi historikoa eta ekitaldi-aretoa egin nahi lituzkete. Azpiegiturak izanik jubileu-urtea antolatzea litzateke hurrena. Hori iritsi bitartean Laguntzetxea berritzeko diru bilketa egiten ari dira santutegian. Ekarpenak ES 2700 754646 93 060 0001691 kontu korrontean egin daitezke. Nafarroako mezenasgo legean jasotako proiektua denez, dirua proiekturako ematen dutenek, errenta aitorpenaren bidez zati bat bueltan jasoko dute.