Txirrindularitza

Euskadi-Murias taldeari agur

Guaixe 2019ko urr. 1a, 12:02
Euskadi Muriasek aurten kontzentrazioa egin zuen Irurtzunen.

Txirrindularitza taldeak jakinarazi du hurrengo urtean ez dela lehiatuko, babesle sendo bat aurkitzeko lanak ez duelako fruiturik eman

Euskadi-Murias taldeak azaldu du bukatu dela bere bidea. Denboraldi ikusgarria egin eta gero, tartean Mikel Iturriak Vueltako Urdazubiko etapan lortutako garaipena, taldeak ezin du jarraitu, babesle berri bat aurkitzeko negoziazioek ez dutelako fruiturik eman. Azken unera arte borrokatu dute, baina ezin. Horrela, Jon Odriozolaren taldearen egitasmoak ezin du aurrera segi, eta, tamalez, bukatu da Euskadi-Murias. Akabo. 

Taldeko egituran zegoen Patxi Mundiñano etxarriarra, mekanikari eta zuzendari-alboko lanetan. Staffak eta txirrindulariek asteburuan jakin zuen taldeak ezin zuela segi, baina aurretik bazekiten egoera zaila zela, egitasmoa kili-kolo zegoela. Txirrindulari batzuk dagoeneko beste taldeen eskaintzak izan dituzte, eta litekeena da seik edo zazpik Euskadi Fundazioak sortuko duen talde kontinentalean tokia izatea. Baina mekanikariek eta teknikariek zailagoa izango dute.