Mendia

Mendiko Segurtasunaren II. Nazio-Eguna burutu da Altsasun eta Uharte Arakilen

Guaixe 2019ko urr. 2a, 12:16

Espainiako Mendi Federazioak eta Espainiako Mendiko Gidarien Elkarteak antolatzen dute jardunaldia, mendian segurtasun arloa lantzeko. Jardunaldi oso arrakastatsuak izan dira

Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak eta Espainiako Mendiko Gidarien Elkarteak Mendiko Segurtasunaren II. Nazio-Eguna antolatu dute asteburuan Sakanan, Nafarroako Mendi Federazioaren laguntzarekin. Horrela, Sakana estatu mailako mendizaleen eta segurtasunaren arloan lan egiten duten mendi gidarien, boluntarioen, mendizaleen eta monitoreen bilgune izan da asteburuan. 

Jardunaldian izena eman dutenek egonaldia Altsasuko Otadiko Kristo Otadiko aterpean egin dute, eta formazioa, tailerrak eta hitzaldiak Iortia Kultur Gunean eta Uharte Arakilen. Eskainitako tailerretan eta hitzaldietan mendian arriskua nola kudeatu jorratu dute, naturaren baitan sortzen diren istripuen aurren nola jokatu, eta prebentzio moduak. 

Tailerrak eta hitzaldiak
Tailerren artean, ondoko gaiak jorratu dituzte: xendazaletasuna Aralarko Itzulia GR20an (bidezidorrak sortzea, markak, homologazioa, xendazaletasunaren jarduerak prestatzea eta taldeak kudeatzea); arroila-jaitsieran erreskatea; eskalada Uharte Arakilgo Aiztondon (eskalatu eta erreskatea); ipar martxa Uharte Arakilen eta mendi lasterketak, Beriainen (lesioak nola saihestu teknika eta jokabideari esker). Halaber, Nafarroako suhiltzaileen Zerbitzuaren Erreskate Taldearekin larrialdiak nola kudeatu ikasteko tailerra izan zen eta Iortia Kultur Guneak Alberto Urtasun eta Mikel Zabalzaren emanaldia hartu zuen: “De los Centros de Tecnificación a los Equipos de Alpinismo”.