Atletismoa

XIX. Sakanako Herri Lasterketan aritzeko izena ematea zabaldu du Mank-ek

Guaixe 2019ko urr. 2a, 13:16

Urriaren 26an jokatuko da lasterketa, Etxarri Aranatzen, eta Sakanako Koparako puntuagarria izango da. Www.herrikrosa.eus web gunean eman daiteke izena, aurretik emanda, merkeago

Aurten Etxarri Aranatzek hartuko du Sakanako Mankomunitateak, hainbat babesleren laguntzarekin antolatutako XIX. Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia. Urriaren 26an jokatuko da 7,7 km izanen dituen lasterketa, 18:00etan, baina 17:00etatik aurrera kategoria txikikoen lasterketak abiatuko dira. Sakanako Mankomunitateak lasterketan izena ematea zabaldu du, www.herrikrosa.eus web gunean. Urriaren 13ra arte izena ematen dutenek 6 euro ordainduko dituzte eta urriaren 13tik 25era arte izena ematen dutenek, aldiz, 8 euro. Kategoria txikikoek, gazteek eta kadeteek ez dute ordaindu behar izango, baina bai, ordea, izena eman. 

Sakanako Herri Lasterketa jokatzeaz gain, 17:45ean Errefuxiatuen Aldeko Oinezko Martxa izanen da; lasterketarako prestatu den zirkuituari buelta bat emango zaio, oinez. Martxan parte hartzen dutenen artean bi pertsonendako bazkari edo afaria zozketatuko da.