Badago jokoarekiko adikzioa 80. hamarkadako heroinarekiko adikzioarekin konparatzen duena. Garai hartan gazte asko izan ziren sustantzia horren menpe erori zirenak, eta gaur egun, dirudienez, gazte asko dira jokoarekin –online jokoa eta kirol apustuak– adikzioa azaltzen ari direnak. Heroinarekin duen ezberdintasuna da gaur egungo adikzio hau ikusezina dela, ez baitu garunean kimikoki eragiten, beste sustantziek eragiten duten bezala.
Atentzio pixka bat jarriz gero, berehala konturatu gaitezke joko mota honek gure artean duen presentzia handia dela. Nafarroan azken hilabeteetan apustu etxe asko ireki dituzte. Jolasteko Makinen Elkarteen Federazioko esanetan Nafarroa da, Euskal erkidegoaren ondoren, apustuetan gastu gehien duen komunitatea.
Egoera honen aurrean, badira kalera protesta egitera atera direnak eta baita apustuen kontrako asanbladak sortu dituztenak. Helburua ez da apustu etxe hauek ixtea, legalak baitira. Lortu nahi dutena horrelako toki gehiago ez irekitzea da. Beste kasu batzuetan udalek negozio hauekiko ordenantza zehatzak onartu dituzte. Noaingo kasuan, esaterako, beraien ordenantzan adostu dute mota hauetako lokalak ezin izango direla heziketa, kirol, kultura eta jolaserako zentroetatik 400 metrotako erradio batean ireki. Izan ere, leku askotan apustu, etxe edo joko etxe hauek ikastetxeetatik gertu ireki izan dira.
Lokal hauekin gertatzen ari den beste gauza bat da adinez txikikoei sartzen uzten dietela eta baita jolasten ere. Honen isla da Aralar Ludopaten elkartean laguntza eskatzera joaten ari den perfila aldatzen ari dela nabaritu dutela. Lehen, laguntza bila joaten zirenak txanpon-makinetara engantxatuta zeuden 45 urte inguruko gizonezkoak ziren; hauen jokabidea urteetakoa izaten zen, adikzioa izan arte. Orain, ordea, aurrekoei erruletara eta kirol apustuetara jokatzen duten gazteak gehitu zaizkie. Azken hauek online jolasten dute gehienbat, eta adikzioa epe motz batean sortzen da, bizpahiru urteetan. Badirudi arazoak azkarrago sortzen direla, jokoan jartzen den diru kantitatea txanpon-makinetan jokatzen dena baino handiagoa delako.
Esan bezala, apustu etxeen eta online jokoen igoera honen ondorioz handitu da jokoarekiko terapia egiten duten elkarte edo instituzioetan laguntza eskatzera joaten den jendea. Adituek diotenez, apustu etxe hauek erdi eta behe mailako-klaseko jendea bizi den tokietan finkatu ohi dira, jokalariek modu errazean dirua egiteko motibazioa dutelako. Hau gutxi balitz, jende gazte eta ezkongabe asko dagoen zonaldeak bilatzen dituzte, hauek ez dutelako familiek dituzten loturak eta betebeharrak.
Adikzio mota hau sufritu duen pertsona baten esanetan "jokoak burua galarazten dizu eta diru gehiago irabazteko ilogikoki pentsatzen hasten zara".
Terapia lanean aritzen direnen esanetan, egoera oso larria bihurtzen den arte jokalariek ez dute laguntza eskatzen; batzuetan familiak izaten dira laguntza eskatzera etortzen direnak. Elkarte hauetan akonpainamendua eta elkar-laguntza izaten dira terapia tresnak. Sustantziekiko egiten den terapiarekin alde berdin bat du, lehenengo fasea alegia. Ondoren terapiak berezi egiten dira.