Zerbitzu zentraletarako hizkuntza irizpideak bertan behera

Guaixe 2019ko urr. 4a, 09:05
Hainbat eragilek euskarari bide emateko eskatzen.

Nafarroako administrazioan euskara arautzen duen 103/2017 foru dekretua edukiz hustu du Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak. Lan publikora sartzeko euskara meritu gisa baloratzeko betebeharra kendu eta borondatezko bihurtu du.

Aurreko legegintzaldian euskararen alde Nafarroako Gobernuak egindako pauso garrantzitsuenetakoa izan zen Euskararen Dekretua, Euskararen Legea oinarri hartuta egin zena. Haren bidez gobernuak administrazioari zenbait betebehar ezarri zizkion arreta euskaraz bermatzeko. Dekretuari helegitea aurkeztu zioten UGTk, SPA, Afapna, Sindicato Medico de Navarra eta Satse sindikatuek. Eta asteartean eta asteazkenean epai bana eman ditu Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak dekretua hustu dutenak, 2003an UPNk onartutako dekretuaren garaira bueltatuz. 

Epaiak eremu misto eta ez euskaldunean aparteko eragina du, baina eremu euskaldunari ere eragiten dio. Izan ere, 2017ko araudiak foru administrazioaren zerbitzu zentralak. Zonifikazioa “de facto” gainditzen zuen eta nafar guztiendako euskarazko arreta bermatzen zuen hizkuntza irizpide komun batzuk ezarrita. Zerbitzu zentraletan hizkuntza profil jakin bat zehaztuta dute lanpostu batzuk. Beste batzuk ez eta horien oposizio lehiaketetan euskararen ezagutza meritutzat hartzen zuen dekretuak. Baina epaiaren arabera euskarazko arreta jasotzeko eskubideak erabiltzaile bakoitzaren bizitokiaren araberakoa izan beharko du eta dekretuan jasotakoa indarrik gabe utzi du. Beraz, Iruñera jotzen duen sakandarrak euskarazko harrera izan beharko luke, baina ez, esaterako, Zizur Nagusikoak edo Lodosakoak. 

Euskarabidea hasi zen gobernuko departamentuetarako euskara planak martxan jartzen, baina epaiak debekatzen ez baditu ere haiek garatzeko aukerarik ez du ematen, langile euskaldunak behar baitira horretarako. Bestetik, medikuen eta erizainen sindikatuek eremu euskaldunerako euskararen ezagutzaren merituak “neurrigabeak” zirela eta horiek kentzeko eskatu zuten, “euskara ez dakiten hautagaien sarbidea murrizten duelako eta meritu eta gaitasun berdintasun printzipioaren kontrakoa baita”. Baina epaiak atzera bota du eskaera, “ez dutelako neurrigabetasuna azaltzeko inolako parametrorik aurkeztu”. 

Nafarroako Parlamentuan oposizioan dauden bi alderdiek jarrera desberdina hartu dute. Navarra Sumatik esan zutenez, “dekretuak herritarren arteko aukera berdintasuna hautsi zuen, epaiak Gobernuaren inposizioa zuzentzen du”. EH Bilduk epaia “izugarritzat” jo zuen eta Euskararen Lege berri bat aldarrikatu zuen. PSN epaiarekin pozik agertu da, ez horrela Geroa Bai, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra. Momentuz, ez dago jakiterik Nafarroako Gobernuak kasazio helegiterik aurkeztuko duen. Foru exekutiboko bozeramaile Javier Remirezek esan duenez, “Gobernuak eszena-toki posible guztiak aztertuko ditu”. Epaiak administrazioen borondatearen esku utzi du lanpostuetarako euskara meritu gisa baloratzea eta kartelak eta seinaleak elebitan jartzea. Beraz, Nafarroako Gobernuak nahi balu euskara baloratu eta erabiltzeko aukera luke, baina ez betebeharra.    

Erreakzioak
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok esan duenez, “oso argi uzten du egungo Euskararen Legeak horrelako ebazpenei atea zabaltzen diela”. Gaineratu duenez, “zalantzarik gabe, erabaki honek zailduko du euskaraz bizi nahi duten nafarren eskubidea bermatzea. Gainera, arbuiagarria da euskararen ezagutzari muzin egitea, baina, aldiz, Nafarroan berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza baloratzen jarraitzea”. Epaiak euskararen erabilera ez duela debekatzen gaztigatu ondoren, gobernuari deia egin zion Bilbaok: “ borondatea izanez gero, lasai aski para ditzake euskaraz idazkiak, komunikazioak, bide-seinaleak etab. Azpimarratu nahi dugu epaiak berak onartzen duela elebitasuna hautazkoa izan daitekeela. Beraz, Gobernuak ez du oztopo juridikorik zerbitzu zentraletan ere euskararen erabilera bermatzeko”. Hala ere, Kontseiluko eledunak azaldu zuenez, “epaiak agerian utzi du Nafarroan beste lege bat beharrezkoa dela”. 

Azken hori nabarmendu du ELA sindikatuak, “bakarrik zonifikazioa gaindituko duen lege batek berma ditzake euskaldunon eskubideak”. Dekretua “oso motza” bazen ere soilik ELAren babesa jaso zuela gaztigatu du. Foru administrazioan ordezkari gehien dituen LABendako “onartezinak” dira epaiak. “Indarrean dagoen legeak eta berau aldatu gabe sortutako dekretuek ez dute balio nafarron hizkuntza eskubideak bermatzeko. Beharrezkoa da euskararen lege berria”. 

UGTrendako epaiak “positiboak” dira. Dekretua “Nafarroako errealitate soziolinguistikoarekin bat ez zetorren eta funtzio publikorako sarbiderako berdintasun eta gaitasun printzipioak urratzen zituen, herritarren % 90rendako desabantaila izanik. Koofizialtasuna era orekatuagoan interpretatu behar da, zentzu gehiagoz”. CCOOtik gogorarazi zuten bere garaian gaztigatu zutela “neurrigabekeria batzuk” zeudela, “batez ere balorazioei zegokienean”. Gaineratu zutenez, “euskara sustatzearen aldekoak gara, baina ezin da politikoki erabili eztabaida hain polarizatuta dagoenean”. Afapnak dekretua “berehala indarrik gabe uztea” eskatu zuen.  

Bestetik, EAJko euro-parlamentari Izaskun Bilbao Barandikak Europako Batzordeari zuzendu zaio galdetuz: “Nafarroako oposizioetan atzerriko hizkuntzei euskarari baino balio handiagoa aitortzea bat dator Europako Oinarrizko Eskubideen Kartan jasotako hizkuntza eta kultura aniztasunaren errespetuarekin?”