Defuntu meza Aralarren

Guaixe 2019ko urr. 4a, 13:36
Jendearen joan-etorri izan zen joan den igandean santutegian. Argazkia: Nerea Mazkiaran Zelaia.

Aurten hil diren santutegiaren aldeko kofrade, anai-etxeetako eta ongile guztien oroimenez izanen da.

San Migel egunaren biharamunean, irailaren 30ean, historikoki meza nagusia egiten zen Aralarko santutegian. Elizkizun hura azken urtean hildako Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiako, Anaitasuneko kideen eta Ongile guztien oroimenez egiten zen. Aurten data seinalatu hori astelehena zenez, jendearen parte hartzea errazteko igandera aldatu da meza nagusi hori, 12:30ean. Aurreko urteetan bezala, elizkizuna Schola Gaudeamus abesbatza gregorianoak edertuko du. Korala berriro 17:00etan entzuteko aukera izanen da, bezperak kantu gregorianoekin girotuko ditu. Hala nahi duenak Aralarko aingeruaren irudia gurtzeko aukera izanen du. 

Aralarko santutegian lastaileko igandeetan eginen diren meza nagusi guztietan abesbatza bat izanen da kantari. 12:00etan kontzertu txiki bat eskainiko dute eta 12:30ean elizkizunean parte hartuko dute. Nafarroako Abesbatzen Elkartearen elkarlanari esker honako abesbatzak entzuteko aukera izanen da Aralarko santutegian: Iruñeko Ipardoinua hilaren 13an, Iruñeko La Asuncion abesbatza hilaren 20an eta Atarrabiako San Andres abesbatza hilaren 27an. 

Anaitasuna 
Aralarko aingeruaren irudia bidaiaria da eta Nafarroako geografian barna, baita Gipuzkoan ere, 300 bat herri bisitatzen ditu urtero. Herri bakoitzean San Migelen anaiaren etxe bat dago eta han hartzen dute aingeruaren irudia eta harekin doazenak (garai batean mandazaina eta mandoa baita). Etxea nagusiz aldatzen bada, hura izanen da San Migelen anai berria. Guztiak anai kideak edo anaitasuneko kide dira.