Zabaletak Masters Codereren finala jokatuko du

Guaixe 2019ko urr. 4a, 10:07

Altuna III.arekin osatuko du bikotea Etxarrengoak, Irribarriaren eta Rezustaren kontra jokatzeko. Jaialdia Nafarroa Arenan jokatuko da, igandean, 17:00etatik aurrera (ETB1)

Urte honetako txapelketa ofizialak, udako torneoak eta ardoaren desafioak kontuan hartuta pilotari onenen rankinga egin da, Codere Rankinga, eta zerrenda horretan sailkatu diren lehen lau pilotari onenek jokatuko dute Masters Codere txapelketako finala, igandean, Nafarroa Arena areto ikusgarrian. Finalean sakandar bat dugu, Jose Javier Zabaleta. Atzelari etxarrendarrak denboraldi bikaina egin du. Masters Coderen, Altuna III.a izango du bikote, eta Irribarria eta Rezusta izango dira euren arerioak, igandean 17:00etan hasiko den jaialdian (ETB1). Udako torneoak despeditzeko final bikaina izango da. Sarrerak salgai daude www.entradasfronton.com web gunean. 

Codere Rankingean Irribarriak ditu puntu gehien (2.550 puntu). Rezustarekin osatuko du bikoa, rankingean bosgarrena eta lehen atzelaria (2.030 puntu). Altuna III.a Rankingean bigarrena da (2.480 puntu) eta Zabaletarekin ariko da, seigarrena rankingean eta bigarren atzelaria (1.750 puntu). 

Sakandarrak San Mateotako finalik gabe
Igandean jokatu zen Logroñoko San Mateotako finala, eta bertan ez zen pilotari sakandarrik aritu. Olaizola II.ak eta Rezustak Ezkurdia eta Aretxabaleta utzi zituzten bidean (22 eta 10), eta Altuna III.a eta Imazek Bengoetxea VI.a eta Martija (19 eta 22). Final ikusgarrian, Olaizola II.a eta Rezusta izan ziren jaun eta jabe eta 7 tantotan utzi zituzten Altuna III.a eta Imaz.