Iban Resanok Euskal Herriko 2. Mailako kanporaketa jokatuko du Etxarrin

Guaixe 2019ko urr. 4a, 10:38

Igandean izanen da, 18:00etan, Etxarri Aranazko pilotalekuan

Etxarri Aranazko ferietan, Mendira Joan Etorria lasterketaz eta Joanes Bakaikoaren Lehen Mailako Lau T’erdiko debutaz gain, beste kirol bati tokia egin zaio. Igandean, 18:00etan, Euskal Herriko 2. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da Euskalerriari pilotalekuan. Euskadiko Herri Kirol Federakundeak antolatu du ekitaldia, Etxarri Aranazko Udalaren laguntzarekin. 

Guztira 14 aizkolari lehiatzekoak ziren, baina azkenean 12 ariko dira: Arkaitz Jauregi (Araba), Juan Jose Lopez (Nafarroa), Eloy Corchero (Araba), Julen Larrea (Bizkaia), Jose Antonio Etxeberria (Nafarroa), Hodei Ezpeleta (Bizkaia), Oier Kañamares (Nafarroa), Jon Irazu (Gipuzkoa), Iban Resano (Dorrao), Xabier Zaldua (Gipuzkoa), Asier Pellejero (Nafarroa) eta Aratz Mugertza (Gipuzkoa). Julen Kañamaresek (Nafarroa) eta Oihan Larretxeak (Nafarroa) azkenean ezingo dute aritu, gaixo daudelako. Lan potoloa egin beharko dute aizkolariek: 5 pago enbor erdibitu beharko dituzte, 54 ontzako hiru enbor; 60 ontzako enbor bat eta 72 ontzako enbor bat. 

Finala Altsasun
Etxarriko kanporaketan azkarrenak diren lehen sei aizkolariak urriaren 19an, 18:00etan Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatuko den final handian egoteko txartela lortuko dute.