Futbola

Preferente mailan jardunaldi borobila: Lagun Arteak eta Etxarrik irabazi

Guaixe 2019ko urr. 7a, 11:40

Preferente maila. 1. multzoa. 4. jardunaldia: San Miguel 2 – Lagun Artea 3 / Etxarri Aranatz 3 – Lagunak 2

Larunbatean San Donato zelaian jokatutako partidan, Etxarri Aranatzek 3 eta 2 irabazi zion Lagunak taldeari. Ongi hasi zen Etxarri, baina Barañaingo taldea partidan sartzen joan zen eta, azkenean, parez pare ibili ziren bi taldeak. Lagunak aurreratu zen, penaltiz, baina atsedenaldira joan baino lehen bana berdintzea lortu zuen Xabatek, areatik kanpo egindako jaurtiketa bikain bati esker. Bigarren zatian, bigarren gola sartu zuen Xabatek, baina Etxarri jokalari bat gutxiagorekin geratu zen eta, egoera hori aprobetxatuz, bina berdindu zuen Lagunak taldeak. Zorionez, Perkazek Etxarriren aldeko hirugarren gola sartu zuen eta 3 puntuak Etxarrin geratu ziren. 

Eta atzo, Larragan, San Miguel taldearen kontra jokatutako partidan jokoan zeuden hiru puntuak lortu zituen Lakuntzako Lagun Arteak. San Migel izan zen aurreratu zena; atsedenaldirako 2 eta 0 aurreratu ziren Larragakoak. Baina bigarren zatian egoera zeharo aldatu zen eta Lagun Arteak buelta eman zion partidari; Berastegik eta Zubiriak sartutako golei esker bina berdindu zuten lakuntzarrek, eta partidako azken minutuan Gomisek garaipenaren gola lortu zuen. Horrela, 2 eta 3 irabazi zuten lakuntzarrek. 

San Jorge da preferente mailako liderra (9 puntu), Lagun Artea laugarrena (8 puntu) eta Etxarri Aranatz zazpigarrena (6 puntu). Asteburuan Lagun Arteak hirugarrena den Doneztebe hartuko du Zelai Berrin, arerio zuzena, eta Etxarri Aranatzek sailkapenean 12.a den Huarte B-ren kontra jokatuko du San Donato zelaian.