Jon Gil atzera ere podiumera igo zen Atarrabian

Guaixe 2019ko urr. 8a, 15:54

Igandean jokatutako XLIV. Atarrabiako Udaleko Trofeoan hirugarrena sailkatu zen lakuntzarra. Lasterketa honekin juniorren eta kadeteen Nafarroako denboraldia bukatu da

Igandean juniorren eta kadeteen 2. urteko mailako lasterketa jokatu zen Atarrabiako festetan, XLIV. Atarrabiako Udaleko Trofeoa. 84 kilometroko lasterketa zen, eta gorabehera eta eraso etengabeen ondoren, azkenean Ismael Goñik (Gama-Scania Erro y Eugui) erasoa jo zuen eta bakar-bakarrik iritsi zen helmugara (1:56:11). 14 segundora taldetxo bat sartu zen, eta esprintean Mohamed Cherif Noura (Ford-Garaje Moderno) gailendu zitzaion Jon Gil lakuntzarrari (Lizarte Ermitagaña). Aurreko asteburuan Indurain Anaiak saria irabazi zuen Jon Gil eta astebete beranduago atzera ere podiumera igo zen, kasu honetan hirugarren postuan. 

Talde sakandarretako gainontzeko txirrindulariei dagokienez, Diego Gonzalo (Quesos Albeniz) 22.a sailkatu zen, Unai Villalobos (Q. Albeniz) 27.a, Unax Miranda (Sakana Group) 28.a eta Jonathan Felix Vega (Q. Albeniz) 42.a. Taldeka, Lizarte Ermitagaña izan zen onena. 

Lasterketa honekin despeditu dira juniorren eta kadeteen aurtengo denboraldiko lasterketak Nafarroan. Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeak eta Aralar klubeko Sakana Group taldeak denboraldi bikaina egin dute eta bi taldeek asko dute ospatzeko.