Resanok ez zuen finalerako txartela lortu

Guaixe 2019ko urr. 10a, 11:01

Etxarri Aranatzen jokatutako Euskal Herriko 2. Mailako Txapelkelketako kanporaketan 10.a sailkatu zen aizkolari dorrobarra

Etxarri Aranatzek Euskal Herriko 2. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa hartu zuen ferietan, igandean. Hasiera batean 14 aizkolari ziren aritzekoak, baina Julen Kañamaresek eta Oihan Larretxeak ezin izan zuten parte hartu, lesioak eta ondoezak tarteko. Aritu zen sakandar bakarra Iban Resano Igoa aizkolari dorrobarra izan zen. 

Gainontzeko 12 aizkolariek lan potoloa izan zuten aurretik: 5 pago enbor erdibitu behar izan zituzten: 54 ontzako hiru enbor, 60 ontzako enbor bat eta 72 ontzako enbor bat. Egia esan, parez pare ibili ziren aizkolariak. Juan Jose Lopez Azpilikuetak, Jon Irazuk eta Aratz Mugerzak lehia oso estua izan zuten lehendabiziko hiru postuetan. Azkenean, Lopez Azpilikueta izan zen azkarrena (15:07), Jon Irazuren (15:29) eta Aratz Mugerzaren (15:53) aurretik. Jose Antonio Etxeberria laugarrena sailkatu zen (16:41), Eloy Corchero arabarra bosgarrena (17:24) eta Arkaitz Jauregi seigarrena (17:25). Aipatu sei aizkolari hauek sailkatu ziren Euskal Herriko 2. Mailako final handirako. 

Atzean, Oier Kañamares 7.a izan zen (17:26), Asier Pellejero 8.a (17:36), Julen Larrea 9.a (17:46), Xabier Zabaldua 10.a (18:09), Iban Resano 11.a (18:30) eta Hodei Ezpeleta 12.a (18:53). 

Finala, Altsasun
Euskal Herriko 2. Mailako Aizkora Txapelketako finala Altsasun jokatuko da, ferietan, urriaren 19an, 18:00etan, Altsasuko Burunda pilotalekuan. Final honetan Juan Jose Lopez Azpilikueta, Jon Irazu, Aratz Mugerza, Jose Antonio Etxeberria, Eloy Corchero eta Arkaitz Jauregi lehiatuko dira. Sei pago-enbor erdibitu beharko dituzte: bi kanaerdiko (54 ontzakoak), bi 60 ontzako eta bi oinbiko (72 ontzakoak).