Txirrindularitza

Jorge Azanzaren Euskadi Fundazioa talde kontinental profesionala izango da

Guaixe 2019ko urr. 9a, 10:02

Talde laranjak UCIren oniritzia jaso du eta UCI Pro Team taldea izango da 2020an. Talde berria prestatzen murgildua dabil Azanza

Euskadi Fundazioak azaldu duenez, 3. mailatik 2. mailara gora egin eta 2020 urtean UCI Pro Team taldea izango da, talde kontinental profesionala. Fundazioak atzo jaso zuen UCIren oniritzia. Zehazki, UCI-ren bigarren mailan lehiatuko da talde laranja, hasiera batean Orbea-Fundazioa izenarekin, Orbea bizikleta etxea izango baita babesle nagusia. Beraz, gutxika, badator marea laranjaren buelta. 

Talde kontinental profesionala izateko taldearen egitura berrindartu beharko da. Besteak beste, hiru zuzendari eta 16 txirrindulari profesional izan beharko ditu taldeak, eta bakoitzak 30.000 euroko soldata izan beharko du, gutxienez. Horretaz gain, aurrekontu osoaren %25 estaltzeko moduko segurtasun bermea jarri beharko du taldeak UCIn. 

Mikel Landa txirrindularia da Euskadi Fundazioa taldeko presidentea, eta Jorge Azanza altsasuarra zuzendaria. Euskadi Fundazioko txirrindulari askok taldean jarraituko dute, baina maila berriari erantzuteko txirrindulari berriak iritsiko dira, horietako zenbait desagertu berri den Euskadi-Muriasetik etorritakoak –Gari Bravo, Mikel Iturria, Mikel Aristi, Julen Irizar eta Mikel Bizkarra– eta beste zenbait afizionatuetatik igoko direnak, Iker Ballarin esaterako. Plantila zehazten murgilduta dabil Jorge Azanza. Taldeak urriaren azken astean egingo du aurkezpena, Bilbon, eta bertan emango ditu xehetasun guztiak.

Taldea Pro Team mailan ariko da, txirrindularitzako 2. mailan, baina World Tour mailako proben gonbidapena jaso ahal izango du, Itzulia edo Donostiako Klasikoa esaterako. Baina zailagoa izango da itzuli handietan parte-hartzea.