Guaixeko kastorea – Ongi pasa eskola

Aspaldi ez naiz Sakanan bizi eta ez dakizue zer poza eman zidan zuengandik pixka bat gertuago egoteko eman zidaten aukera honek. Informatikaria ikasketaz eta irakaskuntzan aritua, bi gaiok uztartu ditut nire ikerkuntzan, informatikaren irakaskuntza.

Hemen egingo ditudan ekarpenetan denbora-pasa edo buruhauste sinple batzuk planteatuko dizkizuet. Ekarpen batean galdetu eta hurrengoan erantzun. Helburua, Informatika zuengandik pixka bat gertuago senti dezazuen. 

Horretarako, Bebras proiektuko ariketak erabiliko ditut. Bebras hitzak kastorea esan nahi du lituanieraoz. Proiektuari izen hori eman zioten animalia horren izaera saiatuagatik eta, helburua, nik hona ekarri dudan berbera. Informazio gehiago aurkituko duzue bebras.org-n (inglesez) eta bebras.ehu.eus/login_eus.php-n (euskaraz). 

Goazen ba lehenengo buruhaustearekin: 
Ongipasa eskolan irakasleek jolastea atsegin dute eta etxera joan aurretik honako jolas hau proposatu dute: pasabidean 5 ate daude bata bestearen atzetik kokaturik. Denak itxita daude. Ikasleak ilaran jarriko dira eta pasabidetik pasatzen hasiko dira. Atea zabalik aurkitzen badute, atea itxi eta hurrengo atera joango dira. Atea, ordea, itxita aurkitzen badute, ireki, gelan sartu eta atea zabalik utzita bertan itxoin beharko dute irakasleak etxera joan daitezkeela esan arte. 
Ikasleak 1etik 35era zenbakituta baldin badaude? Zenbatgarrenak joan ahal izango du etxera lehena? 
Emaitza garrantzitsua da, baina prozesua da kasu honetan garrantzitsuena. Ongi pentsatu emaitza horretara iristeko eman dituzun urrats guztietan.
Ez kezkatu guzti horren eta informatikaren artean dagoen lotura ikusten ez baduzu, baina gorde zutabetxo hau ongi gordeta, Guaixeko kastorearen hurrengo ekarpenean Informatikarekin duen harremana argituko baitugu.