Txirrindularitza

Aitor Alberdirendako junior mailako Itaroa Challengea

Guaixe 2019ko urr. 10a, 15:59
Aitor Alberdi. Argazkia: Martin Early.

Junior mailako 26 lasterketa puntuatu dira eta hiru txirrindulari sakandar sailkatu dira Challengeko lehen hiru postutan: Aitor Alberdi, Jon Gil eta Igor Arrieta

Junior mailako txirrindularitza denboraldia despeditu da Nafarroan eta Itaroa Challengeko sailkapena erabaki da. Challengean denboraldi honetan jokatutako junior mailako 26 lasterketa puntuatu dira, eta lasterketa guztiak kontuan hartu eta gero, Sakana Group-Aralar talde sakandarrean dabilen Aitor Alberdi txirrindulari arbizuarra izan da onena junior mailako denboraldian (668 puntu), Ermitagaña-Lizarte taldeko Jon Gil lakuntzarraren (522 puntu) eta Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta uhartearraren (511 puntu) aurretik. Beraz, Challengeko podiuma hiru sakandarrek osatzen dute. Lehen 10 postuak kontuan hartuta, Quesos Albeniz-Burunda taldeko Iker Mintegi altsasuarra 6.a sailkatu da (449 puntu) eta bere taldekide Unai Aznar 7.a (381 puntu). "Oso denboraldi ona izan da hau, eta Challengea erregulartasunaren saria da. Beraz, kontentu" adierazi digu Aitor Alberdik.

Aitor Alberdik bi garaipen lortu ditu aurten, Villatuertan eta Zangozan, eta Altsasun, Galarren, Tafallan eta Dicastillon bigarrena izan zen. Denboraldi bikaina egin du arbizuarrak. Jon Gil, aldiz, txapelduna izan zen duela bi aste Atarrabiako Indurain Anaiak sarian eta Atarrabian, Zangozan eta Altsasun hirugarrena izan zen. Igor Arrietak bi garaipen ditu Nafarroan, Altsasuko eta Etxeberriko lasterketak irabazi baitzituen, eta bigarrena izan zen Lizarran, Aiegin eta Beran. Baina aurrekoak baina lasterketa gutxiagotan aritu denez, aurrekoek gehiago puntuatu dute eta uhartearra hirugarrena sailkatu da Challengean. Iker Mintegi, aldiz, bigarrena izan zen Lizarran eta hirugarrena Obanosen, Villatuertan, Iruñeko Itzuliko lehen etapan eta Etxeberrin. Eta Unai Aznar bigarrena sailkatu zen Altsasun eta Obanosen.

Afizionatuetan Josu Etxeberria bigarrena Itaroa Challengean
Afizionatuen mailako Itaroa Challengean 26 lasterketa puntuatu dira, Euskal Herrian jokatutakoak eta baita ere Valentziako, Kantabriako, Tenerifeko eta Palenciako Itzuliak. Txirrindulari nafarrek egindako lana baloratu da eta Telcom Ederlan taldeko Victor Etxeberria izan da txapelduna (1124 puntu), Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Josu Etxeberria iturmendiarraren aurretik (1099 puntu). Hirugarrena Goierriko TB-Laboral Kutxako Asier Etxeberria izan da (1023 puntu). Lehen hamarren sailkapena kontuan hartuta, Goierriko TB taldeko Eneko Aramendia iturmendiarra 5.a sailkatu da (988 puntu) eta bere taldekide Ailetz Lasa ziordiarra 8.a (518 puntu).