Pilota

Lau T’erdia: Laso Artolaren kontra bihar Altsasun eta Ezkurdia Bengoetxearen kontra etzi Lekunberrin

Guaixe 2019ko urr. 11a, 10:11

Lau t'erdiko txapela defendatuko du Joseba Ezkurdiak.

Altsasuko Burunda pilotalekuak Lau T’erdiko B multzoko final-laurdenetako ligaxkako partida hartuko du larunbatean, 18:00etan (ETB1). Lasok Artola izango du aurkari. Bestalde, Joseba Ezkurdia A multzoko final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan Bengoetxea izango du aurkari, igandean, Lekunberrin (ETB1)

Lau T’erdiko Pilota Txapelketa final laurdenetan dago. Bi multzotan banatuta, final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldia egonen da jokoan asteburuan. Joanes Bakaikoa txapelketatik kanpo geratu eta gero, Joseba Ezkurdia, egungo lau t’erdiko txapelduna, da kaiolan dugun ordezkari sakandar bakarra. 

Lau T’erdiko A multzoko final-laurdenetako ligaxka Jokin Altunak, Peio Etxeberriak, Victor Estebanek eta Erik Jakak jokatuko dute. Eta B multzoko final-laurdenetako ligaxkan, aldiz, Joseba Ezkurdia, Oinatz Bengoetxea, Iñaki Artola eta Unai Laso lehiatuko dira. Multzo bakoitzean, guztiak elkarren kontra ariko dira, eta multzo bakoitzeko bi pilotari onenak sailkatuko dira finalerdietarako.

Lau T’erdiak geldialdia egingo du asteburu honetan Altsasun. Zehazki, B multzoko final-laurdenetako 1. jardunaldiko partida jokatuko dute Artolak eta Lasok bihar, larunbatean, 18:00etan, Burunda Pilotalekuan. Norgehiagoka oso estua espero da, Artola eta Laso txapelketako final-zortzirenetako partidak irabaztetik baitatoz. Materiala asteazkenean aukeratu zuten, Burunda pilotalekuan. Ez zen inolako arazorik egon eta Artolak 105 eta 105,6 gramoko pilotak aukeratu zituen eta Lasok, aldiz, arinxeagoak, 104 eta 104,6 gramokoak. 

Ezkurdiak Lekunberrin ekingo dio txapelketari, Bengoetxearen kontra
Lau T’erdiko B multzoko final-laurdenetako ligaxkako beste partidan Joseba Ezkurdia, egungo txapelduna, Oinatz Bengoetxearen kontra ariko da igandean, Lekunberrin, 17:00etan hasiko den jaialdian (ETB1).  Atzo aukeratu zuten materiala eta bi pilotariek adierazi zuten gogotsu daudela txapelketari ekiteko. Joseba Ezkurdiarendako arerio oso zaila da Bengoetxea, leitzarra aurreko koadroetan bikain mugitzen delako. Eta Bengoetxeak Ezkurdia jo zuen faborito, arbizuarra egungo txapelduna delako. Beraz, partida oso lehiatua espero da igandean Lekunberriko festetan. 

Bestalde, A multzoko final-laurdenetako ligaxkari dagokionez, Erik Jakak Victor izango du aurkari ostiralean Azpeitian jokatuko den partidan (22:00etan, ETB1), eta astelehenean Jokin Altuna Peio Etxeberriaren kontra ariko da Tolosan (16:30ean). 

Altsasuko pilota jaialdia
Larunbatean, 18:00etan, Burunda pilotalekuan (ETB1)
Binakako partida: Olaizola II.a-Aranguren / Bakaikoa-Mariezkurrena II.a
Lau T’erdian: Artola / Laso
Sarrerak: aurretik interneten (entradasfronton.com) eta egunean bertan, txarteldegian