Albiste bat, sari banaketa bat, ebakuntza bat, obra bat, eraikuntza bat, espazio bidaia bat edo dena delakoa dela-eta, modu askotara zientzia hizpide da tabernetan. Halakoetan, barraren ertzean dauden hiztunak harridura edota jakin-mina azaltzen dute gehienetan. Askotan hizketatutakoaren atzean dagoena ezin ulertze sentipena da. Nahiz eta garaiak aldatu diren eta telefono mugikorreko bilatzailean bilaketa azkarra eginez argibide gehiago jaso daitezkeen.
Hala ere, ez da gauza bera norberak ez dakien gaiaz zerbait irakurtzea edo dakiena azalpenak ematen entzutea. Guaixek bere urteurrenaren harira antolatutako Zientzia Tabernetan ekimenaren bidez ikertzaileak eta sakandarra harremanetan jarri nahi ditu, horretarako, zientziaz zehaztasunez hizketatzeko. Beraz, interesa duten sakandarrek zientzia gaietara hurbiltzeko aukera izanen dute.
Arakil, Aranatz eta Burundako taberna banatan eginen da zikloa. Saio bakoitzean arlo anitzetako hiruna ikerlari ariko dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Euskal Herriko Unibertsitateko CIDETEC, CIMA, Iruñeko Planetarioa, DBHko zientzia departamentua, Goiener edo Navarrabiomedekoak dira guztiak. Hitza hartuko duten gehienak emakumezkoak, zientzia, teknologia eta ikerkuntza generoarekin haserre ez dagoenaren adierazle.
Hizlariek hainbat gai jarriko dituzte mahai gainean. Irurtzungo Pikuxar euskal txokoan material plastiko adimenduak, mediku tratamendu berrien ibilbidea eta udazkeneko astroak izanen dira hizketa gaiak. Lizarragako Bargazpin, berriz, landareen hozte sistema, botila zabaldu gabe ardoaren faltsutzea nola detektatu, euskararen presentzia zientzia eta teknologia arloan. Azkenik, Olatzagutiko Clinker tabernan hizkuntzen ikasketen atzean dagoena, ariketa fisikoen onura eta teknologia berriak diagnostikoan duten garrantzia azalduko dute. Hori guztia giro lasai eta atseginean eginen dute, tabernan. Beraz, zientzia jakituria zabaldu eta zientziarekin gozatu nahi dutenek tabernetara joatea besterik ez dute. Zientziak kontatzeko asko baitu! Eta publikoaren jakin-mina funtsezko osagaia delako Zientzia Tabernetan zikloan.
Estreinakoa da halako ekimen bat Sakanan egiten dena. Zientzia Tabernetan ekimena nazioarteko deialdia da Pint of Science izenburuarekin maiatzean egiten da, esan bezala, zientzia modu atseginean herritarrei hurbiltzeko. Egutegian aldaketa egin eta Sakanara ekarri dugu Zientzia Tabernetan zikloa.
Zientzia Tabernetan
Lastailak 11, ostirala, 19:00etan, Irurtzungo Pikuxar taberna.
Alaitz Ruiz de Luzuriaga Martinez
Ziordiarra Kimikan doktorea da. Gaur egun Donostiako CIDETEC-en, ikerketa aplikatuko erakundean, ari da lanean. Energiaren metaketa, Gainazalen Ingeniaritza eta Nano-medikuntzaren inguruan 3 zentro teknologiko biltzen ditu bere baitan, eta Ruiz de Luzuriaga material-polimerikoen sailean ari da.
Izenburua: Material plastiko adimendunak, etorkizuneko materialak
Laburpena: Gure egunerokotasunean gehien erabiltzen den materialetako bat polimeroak, plastikoak, dira. Material horiek gure etxeetan (pintura, bernizak, etxetresna elektrikoak ...), gure lanean (ordenagailuak, boligrafoak ...), autoetan, hau da, egunero erabiltzen ditugun produktu ugarietan aurki daitezke.
Plastikoak abantaila asko dituzte hainbat aplikazioetan baina, beraien natura dela eta, hainbat arazo sor ditzakete: birziklapena, degradazioa eta abar. Horregatik, ikerlariak polimero adimentsuak deritzonaren garapenean ari dira lanean. Organismo bizia balitz bezala, material horiek kanpoko estimuluei (pH, tenperatura, argia, eremu elektrikoak eta abar) erantzuteko gai dira. Horrela, materiala eta estimuluaren arabera material “autoreparanteak” deritzonak, bakarrik garbitzen direnak, muskulu artifizialak, leiho adimentsuak eta abar lortuz. Azken urtetan garatutako material plastiko adimenduen ikuspegi orokor bat emanen du Ruiz de Luzuriagak.
Miren Barberia Urteaga
Alkozkoa, Biologian gradua du, genetika eta biologia molekularrean espezializazioa, eta Ikerketa Biomedikoa masterra egina du. Gaur egun doktoretza egiten ari da Barberia, biomedikuntza eta medikuntza aplikatua programaren barnean, Nafarroako Unibertsitateko CIMA ikerketa zentroan.
Izenburua: Tratamendu berriak: Ikerketatik pazienteengana
Laburpena: Nola lortzen da tratamendu berri bat pazienteengana helaraztea? Tratamendu berri bat pazienteengana iristeko jarraitzen den bidea azalduko du Barberiak, esperientzia pertsonal batetik abiatuta (laborategian bizi dutena) eta mugak eta arazoak azalduko ditu
Miren Karmele Gomez Garmendia
Baztan eta Donostia sorterri ditu eta Publizitate eta Harreman Publikoak ikasketak egin zituen, Komunikazioan trebatuz. Gaur egun Iruñeko Planetarioan ari da lanean.
Izenburua: Zerutik Espaziora.
Helburuak: Udazkeneko zeruan zein astro nabarmentzen diren ikusiko dugu, eta ondoren, gure gazteek espaziora joateko, espazioa "ukitzeko" aukera batzuk erakutsiko ditu Gomezek.