Euskal Herriko erdigunean hitzordua jarri dute

Guaixe 2019ko urr. 12a, 10:24
Ezkerretik eskuinera: Pedro Mari Ruiz, Koldo Aldaz, Florentino Beraza, Doris Vicente, Mikel Goldarazena eta Juan Mari Feliu.

Igandean, 11:30ean, ekitaldia eginen da. Hara joateko zutabeak 08:15ean Unanuko plazatik
 08:45ean Senosiaingo goiko askatik eta 09:30ean Irañetako Basakoetxea bordatik.

Azterketa baten ondoren, Euskal Herriko erdigune geografikoa Andia mendilerroan kokatuta dagoela finkatu zen 2004an. Beriain mendi tontorretik nahiko hurbil, Olibesario sakonune edo saroian, 1.236 metroko altueran. Eta urtero moduan Euskal Herriko erdigunera mendi martxa eginen da. Antolatzaileek esan dutenez, “euskal lurralde guztien erdigunea izanik, Euskal Herriaren lurraldetasunaren adierazgarri bilakatzen da”. Mendi-irteerak ezaugarri hori izanik, euskal herrialde guztietako jendeak hartzen du parte martxan, “Euskal Herriaren bihotzetik, euskal lurralde osoari begiratzeko”. 

Mendizaleak hiru herrietatik abiatuko dira erdigunean 11:00ak aldera elkarteko. Ordu erdi geroago ekitaldia izanen da eta han musika, kantuak eta ordezkarien hitz-hartzeak izanen dira. Ekitaldia despedituta, martxa Irañetako Basakoetxea bordan eginen den bazkariarekin borobilduko dute. 

Iratxo mendi taldeak, Sakanako mendizaleak eta Independentistak sareak antolatu dute igandeko martxa, Mendi eta Eskalada Kirolen Nafar Federakundearen eta Irañetako Udalaren laguntzaz.