Astelehenetik asteazkenera Bilbok ISWA 2019 mundu-batzarra hartu zuen. Hondakinen tratamenduan, birziklatzean eta ekonomian adituak diren unibertsitateko eta industriako 70 herrialdetako 1.200 aditu elkartu ziren. Han hondakinen kudeaketan eta ingurumen-jasangarritasuneko politiketan dauden azken joerak eta teknologiak aztertu zituzten. Hitzordu hori baliatuta, Txinako delegazioa osatzen duen 16 pertsonako taldeak bidaia aurreratu du, estatuan hainbat esperientzia ezagutzeko. Bio-hondakinen tratamendu biologikoko kudeaketa deszentralizatu eta lokala ezagutu nahi zuten politikari, akademiko eta teknikari txinatarrek Sakanan ostiralean izan ziren (irailean Madrilen eta Galizian eta lastailean Katalunian eta Hego Euskal Herrian).
Sakanako Mankomunitatearen hondakinak biltzeko sistema mistoa eta atez atekoa ezagutu nahi zituzten txinatarrek. Mank-eko hondakin teknikari Olatz Garde Mazkiaranek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi ordezkarik eman zizkieten azalpenak. Lizarragabengoan auzo-konpostagailuak eta ekarpen gunea ikusteko aukera izan zuten. Etxarri Aranatzen, berriz, zintzilikarioak. Azalpenak jaso ondoren ordezkaritza txinatarreko kideek esan zuten Sakanan lortutako emaitzak “eredugarriak” direla.