Ekintzailetza sozial eta kooperatiboa sustatzeko programa prest da

Guaixe 2019ko urr. 11a, 15:35

Sakanako garapen zentroan, Utzuganen, egindako ikastaro bat.

Ekonomia Sozial Eraldatzailean prestakuntza, esperientzia esanguratsuak ezagutu eta norberaren proiektuari forma emateko laguntza emanen du programak. Hilaren 16ra arte eman daiteke izena. Sakanako Garapen gunean, Utzuganen, izanen dira saioak 

Sakanako Garapen Agentziako (SGA) Iker Manterolak azaldu digunez, “2014-2020 Sakanako Plan Estrategikoaren berrazterketa prozesuan agerian gelditu zen ibarrak hainbat sozioekonomia erronka dituela: zaintzak eta, bereziki, zahartzaroari dagozkionak, klima aldaketa, digitalizazioa eta abar”. Horiei erantzuteko eta “komunitatearen jarraikortasuna bermatzeko” ekintzailetza soziala eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE) sustatzeko programa martxan jarriko dutela jakinarazi digu Manterolak. 

Haren bidez ESEri buruzko prestakuntza teoriko-praktikoa emanen da eta, aldi berean, gaur egun martxan dauden proiektuak ezagutzeko aukera emanen du. “Beste herri eta eskualdeetan garatzen ari diren proiektuak ezagutu eta Sakanan etorkizunera begira ditugun erronkei aurre egiteko tresnak geureganatzen hasteko”. Saio teoriko-praktikoekin batera, egitaraua sustapen saioekin osatuko da. Horietan Sakanan Ekonomia Sozial Eraldatzailearekin lotura izan dezaketen gaiak landuko dituzte. “Gai batzuk zehaztu badira ere, proiektuan zehar sortutako intereseko gaien arabera egokituko da”. 

SGAk eta OlatuKoop-ek antolatu dute programa, Nafarroako Gobernuaren finantzazioarekin eta ANEL, UIS, REAS Nafarroa, Cederna-Garalur eta KoopFabrikaren laguntzaz. 

 

Egitaraua
16:00etatik 20:00etara dira saio guztiak 

Saio-teoriko praktikoak
Lastailak 17, osteguna 
Zer da Ekonomia Sozial Eraldatzailea? Nola txertatu tokiko garapenean?
Bizigarritasuna eta bideragarritasuna ekimen kolektibo eta komunitarioetan. 

Lastailak 24, osteguna
Kooperatibagintza, kooperatiba-motak eta inter-kooperazioa. 
Lan eta zerga aspektuak. 

Lastailak 31, osteguna 
Talde-kudeaketa, bizigarritasuna (zaintza-denbora…)
  Adierazle-sistema, balantze soziala. 

Azaroak 7, osteguna 
Harremanak, sare-komunitatea eta komunitate marketinga. 

Sustapen saioak 
Azaroak 14, osteguna 
Zaintzaren krisia atarian daukagun erronka da, gaur egun familia egiturekin edo kontzertazio publiko-pribatuarekin erantzuten dena, muga handiekin. Zein paper joka dezake kooperatibismoak zaintzen paradigma komunitario bat sortzeko garaian. Zentrala den gaiari eskualdetik eta ikuspegi komunitariotik helduko diote. 

Azaroak 21, osteguna 
Etxebizitza kooperatibo eta komunitarioen ikuspegitik abiatuta, lurralde-sare kooperatiboen sorrerarako gakoak eta zerbitzuen eta beharren kooperatibizazioa landuko dugu: tokiko klausula sozialak, etxebizitza kooperatiboak eta herri kooperatibak. 

Azaroak 28, osteguna
Itxiera jardunaldia. Formazio saioetan ikasitakoa bateratu eta Sakanak etorkizunera begira dituen erronka nagusiak landuko dituzte.