Giza-kate baten bitartez, Iruñeko Oblata eta Santa Engrazia zubiak lotu zituzten ehunka nafarrek “presoen korapiloak askatzeko” ekitaldi batean, urriaren 5ean. Presoak etxeratzeko ezberdinen arteko zubi-lanaren garrantzia azpimarratu zuten. Parte hartu zutenen eskuz esku pasatu zen, zubi batetik bestera, Julio Soto bertsolariak prestaturiko mezua. Hona hemen Sotoren testua:
Ez dakizu zehazki noiz, ez dakizu zehazki nola, baina bat batean korapilo bat jaiotzen zaio soka lauari; korapilo bat soka lauari. Elkarrekin zihoazen bi herritar, korapiloaren alde banatan suertatzen dira. Ez dakite seguru zergatik, ez dakite zerk bultzatuta, baina inertziak sokari tiratzera daramatza... Batak ezkerrera, besteak eskubira; tira eta tira, eta nahigabean korapiloa estutzen ari dira... Tira eta tira, norbera bere eskuei begira...
Badirudi dagoeneko ez dagoela atzera bueltarik, ez dagoela korapiloa askatzerik. Baina goiz batez, pauso bat aurrera emanda esnatzen dira biak, eta bata bestea baino pauso luzeagoz bada ere, elkarrengana hurbiltzen hasten dira; urratsez urrats, topo egiten duten arte.
Lehenengo aldiz erakusten dizkiote elkarri esku zaurituak, eta lehengo aldiz begiratzen elkarri eskuok. Eta bat batean, lurrera jausten da soka, eta sokarekin korapiloa...
Ekitaldiaren bukaeran irakurri zuten idazkiak dioen bezala, Euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurrien kontrako kontsentsu politiko, sozial eta sindikal zabal bat dago gure herrian. Eta estatuaren lehenbiziko pausoa hortik etorri behar du. Preso, senide eta lagunen eskubideak sistematikoki urratzen dituen salbuespenezko espetxe politikaren amaiera orain eman behar da. Legea bete dezaten besterik ez da. Mugimendu horrek ez luke presoen korapiloa guztiz askatuko, baina gauzatuz gero, pauso gehiago ematen jarraitzeko baldintza hobeak leudeke.
Denok batera presoak etxera!