Gure Esku Dagok Kataluniako epaia salatzeko kontzentrazio zaratatsuak deitu ditu

Guaixe 2019ko urr. 14a, 11:57
Lakuntzako pikotan lazo horia jarria dago Kataluniarekin elkartasuna adierazteko.

Herrietako plazetan iluntzean kontzentrazio zaratatsuak egitera deitu du. 2017ko lastailaren 1eko erreferendumagatik Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamahiru urte arteko zigorrak ezarri dizkie Kataluniako bederatzi buruzagi politiko eta soziali. Larunbatean Donostian manifestazioa izanen da

Erreferenduma ez da delitua, askatasuna! Gure erabakitzeko eskubidea defenda dezagun lelopean Gure Esku Dagok kontzentrazioak deitu du herrietako plazetan gaurko. Modu horretan protestatzera deitu du Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamahiru urte arteko zigorrak ezarri dizkielako buruzagi kataluniar independentistei. Sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi die auzitegiak Oriol Junquerasi, Raul Romevari, Joaquin Forni, Jordi Turulli, Jordi Rulli, Dolors Bassari, Carme Forcadelli, Jordi Sanchezi eta Jordi Cuixarti. 

Epaia horri “erantzun bateratua” ematera deitu du Gure Esku Dagok. Bere kideek esan dutenez, “larrialdi demokratiko batean gaude”. Gure Esku Dagokoek esan dutenez, mugimendu subiranista “kriminalizatzeko” ildoa hartu du estatuak, delitu larriak leporatuta. Epaia “erabat onartezina” dela nabarmendu dute; “oinarrizko eskubideak erabiltzea ezin da delitua izan demokrazian. Alderantziz, botere publikoen ardura da erabilera bermatzea”. Gaineratu dutenez, “guztionak diren eskubide eta askatasunak kriminalizatzeko ate handi bat zabaldu du epaiak”.  Erabakitzeko eskubidearen defentsa egin nahi du Gure Esku Dagok gaurko mobilizazioekin. 

Deitutako bilkurak 
Herria                  Tokia                                                    Ordua 
Irurtzun               San Martin kalea 7, bidegurutzean   19:00etan 
Lakuntza             Plazan                                                    19:30ean
Arbizu                  Plazan                                                    19:30ean
Etxarri Aranatz   Plazan                                                    20:00etan 
Altsasu                Udaletxe parean                                   19:00etan